Azken aldian gas instalazioarekin zerikusia duten hainbat ezbehar gertatu dira. Hori saiheste aldera, galdara urtero ikuskatu behar dela ohartarazi du Irache Kontsumitzaileen Elkarteak. 2008ko martxoan 1027/2007 Errege Dekretua onartu zenetik, derrigorrezkoa da gas galdararen egoera urtero aztertzea eta behar diren ziurtagiriak edukitzea. Erabiltzaileari dagokio zerbitzu hau kontratatu eta ordaintzea. Zenbait gas enpresek urtero ikuskatzeko zerbitzua eskaintzen dute. Baina komeni da jakitea galdara jarri duen enpresa eta azterketa egiten dutenak ez dutela zertan berdinak izan, beti ere, horretarako baimena baldin badu.
Segurtasun neurriak
Legeak exijitzen duen urteroko kontrol horrez gain, erabilgarriak izan daitezkeen hainbat segurtasun neurri daude:
-Gelak nahikoa aireztapen eduki behar du. Kanpora ematen duen sareta edo rejillaren bidez izan daiteke, bat lurzorutik hurbil eta bertzea sabaitik hurbil. Beti garbi mantentzea komeni da, hautsik gabe eta zabalik.
-Berogailuek eta galdarak kea ateratzeko irteera ona eduki behar dute. Irteerako hodiak nahiko haizebide izatea ezinbertzekoa da.
- Gas-bonbonara doazen tutuak zaindu egin behar dira, eta iraungitze-epeari arretaz begiratu behar zaio.
-Sugarraren koloreari erreparatzea garrantzitsua da. Urdina eta zuzena izan behar du. Horixka eta aunitz mugitzen den sugarra seinale txarra da.
-Giltzak konprobatu behar da, hau da, erabili behar ez direnean, pasoko giltzak itxita dauden.
-Ke-kanpaia eta berogailuaren galdara, biak aldi berean ez erabili. Galdara sukaldean badago, ke-kanpaiarekin galdararen keak geldi daitezke, kanpora atera beharrean.
-Gas usaina somatuz gero, ez piztu argiak eta ez jo tinbrerik. Leihoak zabaldu eta gela aireztatu. Usaina ongi itxita ez dagoen aparatu batetik ote dagoen konprobatu eta arazoa hor ez badago, teknikari bati deitu, instalazioa lehenbailehen ikuska dezan.