Doneztebeko zeharbidea moldatzeko elkarlan hitzarmena onartu du Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 17a

Biribilgunea eginen da eskola inguruko bidegurutzean

Doneztebeko zeharbidea moldatzeko Herrilan, Garrioa eta Komunikabidetako Departamentuaren eta Doneztebeko Udalaren arteko elkarlan hitzarmena onartu zuen Nafarroako Gobernuak martxoaren 16ko bilkuran. Lan honen hasierako aurrekontua 393.748,06 eurokoa da. Nafarroako Gobernuak 282.408,47 euro ordainduko ditu (138.190 euro aurten eta 144.218,47 euro 2010garren urtean) eta gainerako 111.339,59 euroak Doneztebeko Udalak berak ordaindu beharko ditu.

Biribilgunea eskolako bidegurutzean

Hitzarmenaren arabera, Doneztebeko eskola ondoan, biribilgune bat eginen da, bidegurutze horrek duen trafikoa hobeki arautzeko baliagarria izanen dena. Zeharbide berean dagoen autobus geltokiaren eremua ere aldatuko da.
Onartutako testuaren arabera, Doneztebeko Udala arduratuko da lanak egiteaz, eta hauek egiteko behar diren ondasunak edo eskubideak hartzeko beharrezko izapideak egiteaz. Modu berean, udalarena izanen da lanen zuzendaritza teknikoa ere, Herrilan Departamentuaren Kontserbazio Zerbitzuaren gainbegiratzearekin.

Autobus geltokia

Gaur egun, Leitza eta Doneztebe arteko NA-170 errepidean, Leitza aldera zubia pasatu eta eskolaren ondoan dagoen bidegurutzeak zenbait adar ditu: Osasun Zentru aldera, Enplegu Bulego aldera, etxebizitza berrietara, eskolara, kiroldegira… horrek trafiko handia eragiten du eta behar beharrezkotzat jo da hori arautzea. Biribilgune berriarekin, mugimendu guziak ordenatuko dira eta bideko segurtasuna hobetuko da. Aldi berean, gaur egun herrigune erdian dagoen autobus geltokia ere biribilgune horretara aterako da eta lehengoan aparkalekuak egiteko aprobetxatuko da.

Autobus geltokia herrigunetik kanpo

Biribilgunearen kanpoko erradioa 15 metrokoa izanen da eta erdian 6 metroko erradioa duen irlatxoa ere izanen du. Metro terdi zabalerako espaloia ere eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun