Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta bortz herrietako euskara batzordeek deituta 200 bat lagun bildu ziren larunbat eguerdian Etxalarren, “Euskarari erasorik ez!, Euskarazko komunikabideen defentsan, Ttipi-Ttapa Telebistaren alde” izenburupean egindako kontzentrazioan. Ordu erdi batez ixilean egin zen kontzentrazioa plazan, tartean bortz herrietako alkateak zeudela. Beraiekin batera, kirola, kultura eta gizarte mailako hainbat pertsonai ezagun ikus zitekeen, bortz herrietatik, Sunbillatik, Malerrekatik eta Baztandik hurbildutako jendearekin batera.
Euskararen aurkako hizkuntza politika
Kontzentrazioaren bukaeran, Pello Apezetxeak, Etxalarko Euskara Batzordeko kideak eta ttipi-ttapa Fundazioko patronatuko presidenteak hartu zuen hitza. Apezetxearen erranetan, gertaera larria da ttipi-ttapa telebistak emisioa etetea, “sekulako kezka eta ezinegona sorrarazi dizkiguna. Horren aitzinean, honako hau adierazi nahi dugu: Nafarroako Gobernuaren euskararen aurkako hizkuntza politika salatu nahi dugu ozen. Nafarroako Gobernuak, sortu zenetik, inoiz ez du euskararen aldeko jarrera izan, baina azken urteetan, hori aski ez eta euskararen aurkako hizkuntza politikari ekin dio buru-belarri, legegintzaldi honetan, Euskarabidearen mozorropean: lege bidez euskarari eta euskaldunoi ateak itxi, euskararen ezagutza ahal den neurrian oztopatu, hizkuntza paisaiatik euskara ezabatu, euskalgintza ekonomikoki ito… zoritxarrez adibide aunitz ditugu”.
Lizentzien banaketan tokiko telebistarik izateko aukerarik gabe
Euskarazko hedabideei dagokienez, tokiko hedabideen aurkako erabaki edo oztopoak ez direla atzokoak gogorarazi zuen Etxalarko Euskara Batzordeko kideak. Lurreko telebista digitalaren aroa ailegatzear da, “eta tokiko hedabideen jarduna arautzeko eta lizentziak banatzeko garaian, gure eskualde osoa, tokiko telebista izateko aukerarik gabe gelditu zen, bertako telebistak egoera irregular eta ezegonkorrean jardutera kondenatuz”. Gainera, hedabideei zuzendutako diru laguntzen murrizketak, %95ekoak hain zuzen ere, izan du bere lehenbiziko ondorioa, aise aurreikusi zitekeena, Apezetxearen errantean: “Ttipi-ttapa Telebistaren etena. Erabaki hori helburu argi batekin hartu dute, euskara eta euskalgintza itotzea alegia, jakina baitzen tamainako murrizketa batek arrisku bizian utziko zituela hainbat tokiko hedabide”.
Sinadura bilketa
Bortziriarrei, Ttipi-ttapa telebista berriz ere Bortzirietako etxeetan egotea lortu arte, sentsibilizazio, atxikimendu eta salaketa ekimenetan parte har dezaten deia egin zuen. Helburu horrekin sinadura bilketari ekin dio Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta larunbateko kontzentrazioan ere mahaia paratu zen sinadurak biltzeko.