Martxoaren 11n bildu zen Bertizko Partzuergoaren egoitzan, Bertiz parkean, marrazki lehiaketaren epaimahaia. Lehiaketaren helburua marrazkigile bat aukeratzea zen, Partzuergoak egin behar duen proiektu batentzat. Epaimahia bortz lagunek osatu zuten: Partzuergoko lehendakaria den Martin Garde, Baztango udaleko zinegotzia, lehendakariordea den Andres Etxenike Bertizaranako alkatea, Hiruak Bat landetxe elkartetik Itziar Aleman, Ana Mari Marín margolaria eta Izaskun Goñi, Partzuergoko kudeatzailea.
Lehiaketara aurkeztu diren 13 partehartzaileak maila handikoak izan dira. Epaimahaiaren lana ez zen batere erreza izan. Behin irabazlea adostuta, ireki ziren bertze parte hartzaileen datuen sobreak eta jakin zen denak bat ezik artista profesionalak eta Arte Ederretan lizenziatuak zirela. Beraz proposamen guztiak oso ongi egon dira eta Partzuergoak parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie.
Saria eraman duena Begoña Durruty margolari baztandarra da eta dagoeneko jakinarazi zaio bera arduratuko dela Partzuergoak eginen duen proiektu horretaz.
Bertiz Sevatur Turismo Azokan
Bertzalde, asteburu honetan Partzuergoa Donostiako Sevatur Turismo azokan egonen da, bere stand propio batekin, Nafarroako Gobernuak erreserbatu duen 100 metro karratuko espazio batean. Aurtengo dekorazioa gasna produkzioari buruz paratuko dute. (Iaz laxoa eta joaldunak izan ziren gaiak). Partzuergoak gasna dastaketak eginen ditu eta horretarako Bertizaranako ardiaranak eta Baztangoa gasna ekoitzaileen laguntza izanen du eta dastaketa hobetzeko Nafarroako Inurrieta ardogileek beraien ardoa eskainiko dute. Stand-a osatzeko eskualdeko eskulanak ere erakutsiko dira. Partzuergoko artisau dendako arduraduna bertan egonen da artisauen egurrezko tresnak eta kaikuak erakusten eta saltzen. Baztan-Bidasoako stand horretan Partzuergoko langileek promoziorako materiala banatuko dituzte: baliabide gidak, argitalpenak, DVDak, Santiago Bideko topogidak eta udalek argitaratzen dituzten folletoak. Gainera Partzuergoak aurkeztuko ditu egin duen merchandisingeko produktu berriak.
Hitzarmena Rutas Navarras elkartearekin
Azkenik, Bertiz Partzuergoak beste hitzarmen bat sinatu du Rutas Navarras elkartearekin. Elkarte honek badu web orri bat Nafarroako ibilbideen informazioarekin. Hitzarmen honen bitartez, bi aldeen web orriak erlazionatuak egonen dira, informazioa bilatzen duenari datu gehiago eskaintzeko.