Martxoaren 14an, larunbatarekin, eguerdiko 12:00etan, bortziritar guziei zabaldutako kontzentrazioa antolatu dute Bortziririetako Euskara Mankomunitateak eta bortz herrietako Euskara Batzordeek Etxalarren, “Euskarazko komunikabideen defentsan, Ttipi-ttapa Telebistaren alde” lelopean. Joan den astetik, ttipi-ttaparen aldeko sinadurak biltzen ari da Bortzirietako Euskara mankomunitatea eta Nafarroako Gobernuan aurkeztuko ditu. Carlos Perez-Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari bilera ere eskatu diote Bortzirietako alkateek.
Hizkuntza politikaren salaketa
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta alkateek “Nafarroako Gobernuaren euskararen aurkako hizkuntza politika salatu” nahi dute ozen. Euskarazko hedabideei dagokienez, Lurreko Telebista Digitalerako lizentziak banatzeko garaian “gure eskualde osoa tokiko telebista izateko aukerarik gabe” uzteaz gain, “hedabideei zuzendutako dirulaguntzen %95eko murrizketak, aurreikusi zitekeen lehenbiziko ondorioa ekarri zuela” salatu du Mankomunitateak, Ttipi-ttapa Telebistaren etena hain zuzen. Ttipi-ttapa fundazioari elkartasun mezua helarazteaz gain, Bortzirietako herritar eta erakundeei bertako euskarazko hedabideen defentsan aritzeko deia egin nahi diete Mankomunitatetik, “Ttipi-Ttapa Telebista berriz ere Bortzirietako etxeetan egotea lortu arte, sentsibilizazio, atxikimendu eta salaketa ekimenetan parte har dezaten”. Izan ere, Ttipi-Ttapa Telebistak “funtzio garrantzitsua betetzen du, herritarrei hurbileko informazioa eta gozamena eskaintzen dizkie, bai eta euskaraz eskaini ere. Horrez gain, ez dugu ahantzi behar jarduera horren atzean dauden lanpostuak, gure eskualdea krisi ekonomikoaren kolpe latzak jasaten ari den honetan”.
Elkarlanerako deia
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskal herritar guziei eta nafarrei bereziki “euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen, elkarlanerako deia” egin du, “Nafarroako Gobernuaren erasoen aitzinean euskararen aldeko jarrera tinko eta bateratua ager dezagun guztiok”. Tokiko telebisten aferari dagokionez, Lurreko Telebista Digitalaren lizentzien banaketa “bidegabea” salatu du Mankomunitateak eta “berehala, euskarazko tokiko telebistak arautzeko pausoak eman daitezela” galdegin du.