Azken aldiko euriteek kalteak eragin dituzte Leurtza inguruan

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 12a

Hondakin guztiak sarreran pilatuak gelditu ziren

Urrotzen, azken boladan bezalako uholdeak izaten direnean, ez dugu errekak gainezka egiteko arrisku haundirik, herrian zelai gutti baitago. Kalte batzuk gertatu ziren, halere, baina gehien bat lubiziak edo lur mugimenduak. Lehen lur azpitik zihoan erreka zatitxo bat agertu egin zen, errate baterako, edo belagi bateko zati haundi bat arraildu eta mugittu. Baina bertze gisara, Leurtzako urtegietako inguruan ere izan da saltsarik. Aitzineko aldiren batean gertatu bezala, bide azpitik igarotzen den hodi bat estali, eta ura bere zabor guziekin bidearen gainetik joan zen. Honetan aldaketarik bazegoen, ezinduentzat egin zen ibilbidearenak, alegia. Ibilbide horretan dagoen espaloi gisako hesi ttikiak zaborrei eutsi zien, eta dena sarrerako zelaian pilatu zen, argazkian ikus daitekeen bezala.

Eztabaida Leurtzaren inguruan

Leurtzakoaren haritik, eztabaida edo guttienez solas egin da Urrotz eta Beintza-Labaiengo Udalen artean, inguru hartan dagoena baino aktibitate gehigo paratu ala ez erabakitzeko. Momentuz, dagoen bezala segitzea erabaki da, eta hainbat kirol ekintza eskaintzeko Malerrekako enpresa batek egin zuen eskari bati uko egin zaio. Nafarroako Gobernuarekin solastea erabaki zen, Caixaren dirulanguntzaz egin zen ezinduentzako ibilbide hori dela-eta, dexente haundituko diren mantenimendu gastuei aurre egin ahal izateko, diru gehigo eskuratzeko asmoz. Orain arte Nafarroako Gobernuko Ingurugiro Sailak 37.000 euro inguru ematen ditu urtero mantenimendu gastuetarako. Halere, badirudi Turismo Departamentuak ere hainbat asmo baditula Leurtzarako, eta hortaz ere aritu beharko da gerora begira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun