Josu Goldaraz apeza ortzegun goizaldean hil da

ttipi-ttapa 2009ko martxoaren 12a

Pertsona euskalzalea eta langilea zen Goldaraz. TTIPI TTAPA

Iraizozen sortua zen duela 65 urte eta Doneztebe, Elgorriaga eta Narbarten egiten zuen apez lana

Josu Goldaraz Lizaso, Doneztebe, Elgorriaga eta Narbarteko apeza martxoaren 12ko goizaldeko 5etan hil da, 65 urte zituela. Iraizozen sortua 1943ko uztailean, apeztu eta gero Arizkunen hasi zen apez lanean eta gero, Nurlatan, Lizarran eta Olaguen barna pasatu ondotik, Doneztebe, Elgorriaga eta Narbarteko parrokietako arduradun zen Goldaraz. Pertsona euskalzalea eta langilea zen. Herria 2000 Eliza Elkarteko erreakzio kontseiluko partaidea zen eta Jimeno Jurio buru zela, Nafarroako Toponimia Batzordean laguntzaile ere izan zen, inguru honetako hainbat herritako toponimiaren berri ematen.

Mezak ortziralean Iraizotzen eta igandean Donezteben

Ortziralean, martxoaren 13an, bere aldeko meza izanen da sorterrian, Iraizotzen, arratsaldeko 17:30ean eta bertan lur emanen diote. Igandean, martxoaren 15ean, Doneztebeko elizan ere bere aldeko meza izanen da, arratsaldeko 17:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun