2009ko martxoaren 19an 150 urte beteko ditu Etxalarko San Jose Zurginaren kofradiak. Mendeurrena egin zutenean bezala, mende bat terdi betetzea ere ospatzeko modukoa dela kontuan hartuz, neurriko ospakizuna prestatu dute San Jose egunerako. Gaur egun 88 lagun biltzen dira kofradian eta egun horretan elkarteko kontuak egiten dituzte. Javier Indaburu eta Teodoro Iribarren dira kofradiako maiordomo edo arduradunak.
Meza, argazkia eta bilera
Eguna goizeko 11:30ean abiatuko dute, urtero bezala hildako bazkideen omenez egiten den mezarekin. Normalean Bestaberri egunean bakarrik ateratzen den bandera paratuko da elizan, urte berezia delako eta ondotik, elizako atarian argazki bat aterako dute, egun berezi horren oroigarri gisa. Bazkide batzuk herritik kanpo bizi dira eta zaila izanen da denak biltzea, baina ahalik eta gehienak bildu nahi lituzketela aipatu digu Javier Indaburuk. Ondotik, 13:30ak aldera, Elutsa ostatuan elkartuko dira, urteroko gastuak kobratzeko eta elkarteari buruz solasteko. Javier Indaburuk eta Teodoro Iribarrenek 25 urte daramazkite arduradun eta txanda emateko tenorea ailegatu dela pentsatzen dute. Horri buruz ere solastuko dute bileran.
Bazkarirako izen ematea martxoaren 15a baino lehen
Segidan, Elutsan bertan bazkalduko dute honako menu honekin: micuit, ahate urdaiazpikoa, urdaiazpiko iberikoa eta kroketak, salda, legatza euskal erara, azpixuna guarnizioarekin, postrea, kafea eta ardoa. Menuaren prezioa 35 eurokoa da eta apuntatzen den egunean ordaindu behar da. Horretarako, Javier Indabururekin egon behar da edo 948 635020 telefonora deitu martxoaren 15a baino lehen.