Larunbatean izan zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa, puntuazioak ikusiz, orain arteko mailarik altuena izan duena. Julio Soto atera zen garaile, 334 punturekin eta beraz, zuzenean sailkatu zen Elizondoko Lur dantzalekuan jokatuko den finalerako. Erika Lagoma izan zen bigarren, Sotok baino hiru puntu guttiagorekin, eta lesakarra ere finalean izango da. Xabier Legarreta Aranok 316 puntu lortu zituen eta honek ere finalean izateko aski puntu lortu zituen. Antsoaingo antzokia urduritasunez eta tentsioz bete zuen puntuazioa lortu zuen, bertzalde, Ander Fuentes Itturrik, 307.5 puntu lortu baitzituen; Eneko Lazkoz eta Jon Elizetxek aitzineko saioetan izandako kopuru berbera. Berdinketa hirukoitza izan zen, beraz, protagonista. Orain arte lortutako puntuazioak hartu behar izan ziren kontuan, zubietarrak zuen altuena eta beraz, Lazkoz eta Elizetxe finaletik kanpo gelditu ziren, eta Itturrik lehen aldiz finalean izatea lortu du. Antsoainen, bosgarren tokian Joxe Juan Zubieta Portu, Etxabe, izan zen 298,5 punturekin eta seigarren, berriz, Iñaki Aleman 290ekin.
Esperientziadun zortzikoa
Auritz, Igantzi, Betelu eta Tafallan jokatutako final-laurdenen ondotik, faborito nagusiak gailendu baziren ere, hasieratik abiatutako hogeita bortz bertsolariek ezustekorik ere eman dute aurtengoan, lehenengo saioan faboritoen aitzinetik sailkatu zen Aimar Karrikak eman zuena, errate baterako. Xabier Silveirak, berriz, iaz atsedenaldia hartu ondotik, ez du ezustekorik eman, eta Altsasuko kanporaketan jaun eta jabe izanda, eta txapelketan lortutako puntuazio altuenarekin, 346,5 punturekin, finalean izanen da, bere seigarren txapela lortzeko helburuarekin. Saio horretan sailkatutako bertsolari bakarra bera izan zen, gainera.
Martxoaren 21eko finalean, Nafarroako txapela eta Euskal Herrirako txartelak jokoan
Kontuak kontu, martxoaren 21ean, larunbata, Elizondoko Lur dantzalekua ezusteko gehiagoren eta bertsozaleen elkartzearen lekuko izateko, Xabier Silveira, Julio Soto, Erika Lagoma, Iñigo Olaetxea, Xabier Legarreta Arano, Julen Zelaieta, Jon Barberena eta Ander Fuentes Itturri protagonistatzat dituen zortzikoa igoko da oholtzara. Finala lehiakorra, maila altukoa eta giro ederrekoa izanen dela espero dute antolatzaileek eta modu honetan, dantzalekua leporaino betetzea dute helburu. Gainera, zortzikoak Nafarroako txapela lehiatzeaz gain, aurten jokatzekoa den Euskal Herriko Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera ere ziurtatuko dute datorren martxoaren 21eko final handian lehenbiziko lau postuetan sailkatzen direnek.
Finalerako eta afarirako txartelak salgai
Finalerako sarrerak eskura daitezke dagoeneko Iruñeko Karridendan edo Nafarroako Bertsozale Elkartean erreserbatu, 948 143747 telefonora deituz edo nafarroakotxapelketa@bertsozale.com helbide elektronikora idatziz. Finalerako sarrerak 10 euroan dira Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beheitikoentzat eta 15 euroan gainerakoentzat. Ohikoa denez, finalaren ondotik afaria eginen da Elizondon bertan, Antxitonea jatetxe-trinketean. Afariaren prezioa 20 eurokoa da, eta legua mugatua, hortaz afarira joateko asmoa duenak aitzinetik egin behar dute erreserba Nafarroako Bertsozale Elkartean