Krisi ekonomikoa eta Baztan-Bidasoan ematen ari diren kaleratze eta espediente guztien aitzinean, LAB sindikatuak zenbait herri batzar antolatu ditu heldu den astean, martxoaren 9tik 12ra.
«Langileok sortu ez dugun krisia, ez dugu langileok ordaindu behar»
LAB sindikatuaren ustez, “langileok sortu ez dugun krisi ekonomiko hau ez dugu langileok ordaindu behar. Sistema kapitalistaren crack hau sistema beraren barruan lan egin eta beraien burua aberasteko erabili dutenek ordaindu behar dute. Enpresarioek dirua barra-barra irabazi duten bitartean, langileon egoerak txarrera egin du eta prekarietatea areagotu egin da, beraien irabaziak izugarrizkoak bihurtuz. Orain krisi ekonomikoaren testuinguruan guttiago irabazten ari direnean ezin dugu onartu gure eskubideen kontura beraien irabazi tasak mantentzea”.
Espediente gehiago ez onartzeko eskaria Gobernuari
Nafarroako Gobernuari espediente gehiagorik onartu ez dezan exijitu dio LABek. Sindikatu honen arabera, “enpresarioen aldeko neurriak hartu beharrean, garaia da eta bere betebeharra ere langileon eta herriaren interesak defendatzea eta hauei babesa ematea. Ezin dugu onartu Nafarroako Gobernuak kasta pribilegiatu baten alde neurriak hartzea herriaren gehiengoa garen langileak langabezira bidaltzen dituen bitartean”.
«Gizartea izan behar du aldaketaren motorea»
Hori dela eta LABek Baztan-Bidasoako biztanleak datorren martxoaren 9tik 13ra eskualdeko zenbait herrietan eginen diren herri batzarretan parte hartzera gonbidatzen ditu. Karrikara ateratzeko garaia dela deritzo LABek,” patronalari eta kapitalari ezetz errateko garaia da, eta gure bizitzekin ez dutela jolastuko adierazteko”. Sindikatuak dioenez, gizartea izan behar da aldaketaren motore eta denon artean erantzun hobe bat emanen dugulakoan, garrantzitsua da herri batzar hauetara agertzea.
Martxoaren 9tik 12ra, arratsaldero
Lehenbiziko batzarra heldu den astelehenean, martxoaren 9an eginen da Lesakako udalak Antoiu 27an duen erabilera anitzeko aretoan, 19:00etan. Martxoaren 10ean, asteartean, Berako Herriko Etxean eginen da; martxoaren 11n, asteazkenean, Doneztebeko Herriko Etxean eta martxoaren 12an, ortzegunean, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Batzar guziak arratsaldeko 19:00etan eginen dira.