Errekaren eskuz binakako zazpigarren txapelketako finalak larunbatean jokatuko dira

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 5a

Ortziralean ere, bigarren mailako txapelketako final batzuk jokatuko dira

Erreka elkarteak zazpigarren urtez antoaltutako eskuz binakako pilota txapelketaren finalak larunbatean jokatuko dira Doneztebeko pilotalekuan, goiz eta arratsaldez. Txapelketa honen antolaketan, Doneztebeko Udala, Nafarroako Kutxa, Udalbide, Reyno de Navarra, Big Mat Mendi Txuri, Lur diskoteka, Aparan eta Casa Ostiz dira Errekaren laguntzaileak. Goizeko 11:30ean benjamin mailako finala jokatuko dute Azpeitiko Ilunpeko Alberdi eta Balerdik Umore Onako Anton Apezetxea eta Errekako Iker Salaberriaren kontra. Alebin mailan, Atarrabiako Beti Onak taldeko Ayesa eta Irurita, Burlatako Zugarraldeko Pedroarena eta Eskirozen kontra ariko dira. Infantiletan, Zugaraldeko Larrunbe eta Alduntzin, Leitzako Aurrerako Iparagirre eta Olanoren kontra ariko dira.

Santamarian bazkaria

Santamaria jatetxean bazkaria eginen da goizeko finalak eta gero, 13:30ak aldera. Erreserba egiteko epea ortziralean akituko da, 948 450043 edo 617 792401 telefonoetara deituz. Ondotik, arratsaldeko 16:30etik aitzinera, berriz, falta diren partidak jokatuko dira.

Bazkalondoan final nagusiak

Kadetetan, Etxarri Aranazko Gure Pilota taldeko Ijurra eta Lasa, Andoaingo Ariztimuño eta Ulangaren kontra ariko dira. Jubeniletan, Hondarribiako Manterola eta Zazpi Iturriko Arzelus, Hernaniko Arrieta eta Azpitarteren kontra. Bigarren mailako senior kategorian, Tolosako Aurrera Saiaz taldeko Oier Apezetxea goizuetarra eta Zubiri, Errekako Imanol Baleztena zubietarra eta Huarteko Kortabarriaren kontra eta senior elite kategorian, azkenik, azken hiru urteetako finaletan izan den Renobales eta Koldo Galarraga, Aurrera Saiazekoak, Hernaniko Esnal eta Gorrotxategiren kontra ariko dira. Final nagusiko irabazleek 800 euroko saria izanen dute eta azpitxapeldunek 700 eurokoa. Finalen ondotik bi urdaiazpiko zozketatuko dira eta berendua izanen da, zazpigarren txapelketa honi akanaila emateko.

Errekako bigarren mailako finalak ere

Baina txapelketa nagusiaz gain, Errekak bere pilotariendako ere banakako eta binakako txapelketak antolatzen ditu eta finalak ortziralean eta larunbatean jokatuko dira. Buruz buruko finalak ortziral arratsaldeko 16:30etik aitzinera jokatuko dira. Benjamin 2B kategorian, Sunbillako Gorka Antuña Saldiasko Ibai Erasunen kontra ariko da. Benjamin 2A kategorian, Doneztebeko Mikel Lana, Donamariako Beñat Lazkanoren kontra. Alebin 2B kategorian, Goizuetako Iker Salaberria, Donamariako Asier Baztarrikaren kontra. Alebin 2A kategorian, Sunbillako Julen Juankorena Lesakako Joel Oronozen kontra. Infantiletan, Legasako Jon Mikelarena, Urrozko Javier Saldiasen kontra ariko da eta kadetetan, Doneztebeko Irail Zestau, Lesakako Mikel Maiaren kontra. Binakako finalak berriz, larunbat goizeko 9etan hasita jokatuko dira, txapelketa ofizialeko finalak baino lehen, beraz. Benjamin 2B kategorian, Aurtizko Hodei Aioroa eta Saldiasko Ibai Erasun, Sunbillako Gorka eta Asier Antuñaren kontra ariko dira. Benjamin 2A kategorian, Donamariako Beñat Migeltorena eta Beñat Lazkano. Gazteluko Eneko Lorente eta Doneztebeko Mikel Lanaren kontra. Alebin 2B kategorian, Doneztebeko Julen Larretxea eta Urrozko Julen Saldias, Elgorriagako Aritz Arrieta eta Donamariako Asier Bazterrikaren kontra. Alebin 2A kategorian, Doneztebeko Dani Moran eta Sunbillako Julen Juankorena, Donamariako Nando Inda eta Lesakako Joel Oronozen kontra. Infantiletan, Doneztebeko Dani Moran eta Legasako Jon Mikelarena, Urrozko Ibai Iribarren eta Javier Saldiasen kontra ariko dira eta kadetetan, Lesakako Mikel Maia eata Iturengo Julen Altxu, Urrozko Ibai Juanena eta Lesakako Xabier Karrionen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun