Asteartean Etxalarko Bentan, N-121A errepideko lanetan izandako istripuak zer errana sortzen segitzen du. Jakina denez, Jon Ander Usabiaga gazte ordiziarra hilik suertatu zen Onbordiko zubibideko habea erori eta gainean zeuden bortz langileak habearekin batera amildu zirenean. Hildakoaz gain, hiru langile zaurituak suertatu ziren eta bertze bat onik atera zen. Zaurituen egoera hobera egiten ari dela jakinarazi dute. Laura Alba, Nafarroako Gobernuako Herrilan, garraio eta Komunikabidetako kontseilariak asteazkenean erran zuenez, “N-121A errepideko lanek segurtasun eta osasun plana zorrotz betetzen dute”. Kontseilariak onartu zuen “zerbaitek huts egin zuela, baina ezin daiteke obren segurtasun ezari buruzko mezu alarmistarik eman”.
LABek dimisioa eskatu du
Sindikatuen aldetik egindako kritiketaz ari zen kontseilaria. Izan ere, UGT eta CCOOtik bezalaxe, LABek ere kritikatu egin du kontseilariaren erranak “hipokritatzat” joz eta, gehiago, bere dimisioa eskatu du, “istripuaren azken arduraduna” delakoan. LABen ustez, ez da bidezkoa kontseilariak istripuaz argibiderik ez ematea eta “zerbaitek huts egin zuela” erratea. Sindikatuaren ustez, lan istripu gehienak, “lan istripuen prebentziorako legea ez betetzeagatik gertatzen dira, istripu guziek arduradun bat behar dute eta kasu honetan, Nafarroako Gobernua da azken arduraduna”.
N-121A errepideko lanetan Gobernuak “dirua aurreztea, langileen osasunaren eta bizitzaren gainetik” jartzen dituela uste du LABek. “Irudi politikoarengatik lanak lehenbailehen bukatu nahi dituzte, subkontratazioa bultzatzen dute eta bistan da horrek istripu kopurua handitzen duela”.
Patxiku Irisarri:
Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak eta Herri Taldeak ere, hildakoen familia eta lagune elkartasuna adierazteaz gain, “lan istripuak arazo sozial bezala” hartzen dituzte, hildako eta zauritutako langileek “beraien familiaren ogibidea ateratzean izan dutelako istripu tamalgarri hau”. Gertatutakoa lehenbailehen argitzea eta antolatzen ahal diren mobilizazio eta ekintza guzietan bat eginen dutela adierazi dute.