Martxoaren 8ko Emakumearen Egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu dira eskualdean

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 4a

Beran Emakumearen Astea antolatu dute eta Elizondon, "Gure espazioa, gure gorputza" izenburuarekin eginen dira ekintzak

Heldu den igandean, martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta zenbait ekitaldi antolatu dira eskualdean. Honela, Berako Uxua Emakume Taldeak eta Berako Kultur Batzordeak Emakumearen Astea antolatu dute. Honen barrenean, zinema izanen da eta bi filma eskainiko dira Kultur Etxean. Lehenbzikoa, ortzegunean, martxoaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan izanen da eta “Caramel” izanen da ikusgai jarriko den filma. Igandean, martxoaren 8an, arratsaldeko 18:00etan “Mi pequeña Sushine” ikusteko aukera izanen da. Filme hau baino lehenago, larunbatean, bazkaria eginen dute emakumeek Zubiondon. Hitzordua 14:00etan dute. Izen emateko 948 625472 telefono zenbakira deitu behar da eta bazkariaren prezioa 26 eurokoa da.

Lesakako Arranon solasaldia ortziralean

Bertze aldetik, Lesakako Arrano elkarteak solasaldia antolatu du ortziralerako, martxoaren 6rako. Bilgune Feministako Miren Arangurenek “Emakumeok gure gorputzaren jabe. Abortua librea eta dohakoa” solasladia eskainiko du arratseko 20:00etatik aitzinera Arrano elkartean berean.

«Gure espazioa, gure gorputza» Baztanen

Baztanen, Gaztetxearen inguruan zenbait ekitaldi antolatu dira, “Gure espazioa, gure gorputza” izenburupean. Ortziralean, martxoaren 6an, 21.00etan “4 meses, 3 semanas y 2 días” filmea eskainiko dute eta ondotik abortoaren inguruko solasaldia eta afari autogestionatua eginen dira. Otsailaren 7an, emakumeentzako sexualitate tailerra izanen da, talo jatea eta “Ciudad Juarez-Chiapas” Mexikoko emakumeen martxaren argazki proiekzioa.

Kontzentrazioak igande eguerdian

Igande eguerdiko 12etan kontzentrazioak eginen dira Doneztebe, Lesakan eta Elizondon. Baztanen ekitaldiekin segituko dute igande arratsaldean ere. 13:00etan txaplata edo konpresak norberak egiten ikasteko tailerra eginen da. Gero, bazkaria izanen da Gaztetxean. Txartelak ohiko lekuetan salgai daude 6 euroan. Bazkalondoan sorpresak izanen dira eta arratsaldeko 18:00etan Elizondoko Gaztetxetik abiatuta kalejira. Bertze zenbait herritan ere ekitaldiak izanen dira. Arantzan, errate baterako, emakumeek afaria eginen dute martxoaren 7an Pablo-Enean. Horretarako, aitzinetik izena eman behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun