Langabeziaren igoeraren abiadura apaldu da otsailean

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 4a

Halere, 991 langabetuk izena emana dute Doneztebeko Bulegoan, urtarrilean baino 16 gehiagok

Oraindik ere goitiko joera baldin badu ere, langabeziaren igoera apaldu da otsailean gure eskualdean. Zehazki 991 langabetuk izena emana zuten Doneztebeko Enplegu Bulegoan otsailaren 28an, hilabete lehenago baino 16 gehiagok. Hau da, %1,64ko igoera izan zuen langabeziak otsailean, Nafarroako bulego guzien artean ttikiena.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 192 kontratu bakarrik gauzatu ziren otsailean, eta horietatik 32 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.

25 urtez beheitiko emakumeek somatu dute igoerarik handiena

Adina eta sexuari dagokionez, tarte guzietan goiti egin du langabeziak otsailean, 25 urtez beheitiko gizonezkoetan izan ezik. Ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak eta ilbeltzean 458 langabetu zeuden, urtarrilean baino 1 gehiago. 25 urtetik goitiko gizasemeen artean ere goiti egin du langabeziak eta orain 409 dira, urtarrilean baino 7 gehiago. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, erran bezala, zertxobait beheiti egin langabetu kopuruak, 83 gizon baitaude lanik gabe, urtarrilean baino 2 guttiago. 25 urtez beheitiko emakumeen artean, aldiz, langabeziaren igoerarik handiena eman da, 41 baitira adin horretan lanik gabe dauden emakumeak, ilbeltzean baino 10 gehiago.

Industrian eta eraikuntzan goiti

Lan arloei dagokienez, industrian eta eraikuntzan goiti egin du langabeziak eta bertze arloetan, gutti bada ere, beheiti. Denen artean, zerbitzuen arloak dauka, diferentziarekin langabetu gehien. Gaur egun 531 langabetu ditu arlo horrek, urtarrilean baino bat guttiago, halere. Industrian ilbeltzean baino 6 lagun gehiago daude langabezian, 275. Eraikuntzan eman da langabeziaren igoerarik nabarmenenea, 110 lagun baitaude lanik gabe arlo horretan, urtarrilean baino 14 gehiago; nekazaritzan zertxobait beheiti egin du langabetu kopuruak, 18 baitira langabetuak, urtarrilean baino 2 guttiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean 57 langabetu daude, urtarrilean baino 1 guttiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun