Jon Ander Usabiaga, 27 urteko ordiziarra hil egin zen astearte arratsaldean Etxalarren, N-121-A errepide berriaren lanetan ari zela. Harekin batera zubi baten habearen sendotasuna egiaztatzen ari ziren bertze lau langile ere erori ziren. Hiru zauritu egin ziren, horietako bat larri. D.A.Y., 30 urteko aragoiarra, Harrapatua gelditu zen eta Oronoz-Mugairiko suhiltzaileek atera eta gero, mediku-lanetarako egokitutako helikopteroan eraman behar izan zuten Nafarroako Ospitalera. Lepauztaia hautsita dauka eta buruan zauri irekia, baina hala ere, haren bizia ez dago arriskuan. Erietxe horretan dago F.G.R. 41 urtekoa ere, bularraldean eta gerrian kolpe handiak dituela. Donostiako Ospitalera eraman zuten, aldiz, K.G.O. 39 urteko ordiziarra eta Gruas Usabiaga enpresako langilea. Laugarren langile batek ere min hartu zuen, baina zauri arinak zituenez ez zuten erietxera eraman behar izan.
100 Tonako habea, 12 metroko altueratik amildu
Jon Ander Usabiaga Ordiziakoa zen, eta Gruas Usabiaga garabi enpresako nagusiaren semea. Istripua 16:35ean gertatu zen, Igantzi-Etxalar zatian, Bidasoaren gainean eraiki behar duten laugarren zubian, Onbordi baserriaren parean. Garabiaren laguntzarekin, hormigoizko habea jarri berri zuten, zubiaren erdiko zutabearen eta mendi magal baten artean. Lana ongi egin zutela egiaztatzen ari zirela erori zen habea 12 metroko altueratik, eta harekin batera bortz langileak. Habeak 100 Tona inguruko pisua zuen, 35 metro luze eta bi zabal.
«Larriagoa izan zitekeen»
Laura Alba Cuadrado Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria istripuaren lekura joan zen, eta dolumina agertu zien hildakoaren senideei. Berekin batera, duela astebete Basataundiko tuneleko lanetan izan ziren Jose Luis Echavarri Arraiza Herrilan zuzendari nagusiak eta Jesus Gonzalez Albero, Bide Zerbitzuko zuzendariak, azalpenak eman zituzten prentsaurrean. Gertakaria hagitz larria izanda ere, zubiaren beheitiko aldean ez zen inor lanean, “bertzenaz desgrazia aunitzez handiagoa izan zitekeen”. Egiten ari ziren lana arrunta eta ohikoa zela aipatu zuten, aparteko arriskurik gabea eta bertze hainbatetan egindakoa lan hauetan. Egiturak egiten dituen Pacadar enpresako teknikariak asteazkenean etortzekoak ziren Ocañatik Etxalarrera, zer gertatu den ikertzeko.
Argazkiak


