Irache Nafarroako Kontsumitzaile Elkarteak argindarraren hilabeteroko fakturazioa bertan behera utz dezala eskatu dio Espainiako Industria, Turismo eta Komertzio Ministerioari, ordainketa epe bakoitzeko egiazko kontsumoaren irakurketak egiteko aukerarik izan bitartean. Urte hasieratik 250 kontsulta baino gehiago jaso ditu Irachek, etxera ailegatutako fakturaren kopuruarekin kezkatutako kontsumitzaileena. 2009an argindar enpresak hilabetero fakturatzen hasi dira, baina neurketa tresnetan bi hilabetetik egiten den irakurketa oinarritzat hartuz. Gisa honetan, etxebizitza aunitzetan urtarrilean hartutako faktura ez da egiazko kontsumoan oinarritzen, 2008ko urtarrilean egindako banaz bertzeko kontsumoaren estimazio batean baizik. Otsaileko faktura, aldiz, kontadorearen irakurketan oinarrituko da eta aitzineko hilabetean kobratutakoan izandako gorabeherak konpentsatuko dira.
Neurri honekin, kontsumitzaileari informazioa gardenagoa eskaini ordez, nahaspila sortu da. Kontsumitzaile aunitzek ez dute erreziboa zuzena edo okerra den jakiteko aukerarik, estimazio bat denez ez dagokio egindako kontsumoari eta kontsumitzailea babes gabe gelditzen da eta ez du protesta egiteko tarterik. Gainera, etxebizitza guzietan ez da oraindik bateratu eta batzuk faktura hilabetero jasotzen hasi diren artean, bertze batzuk bi hilabetetik jasotzen segitzen dute.
Ministerioari eskaera
Nahaspila eta ezinegon egoera honen aitzinean, Irachek argindarraren hilabeteroko fakturazioa bertan behera utz dezala eskatu dio Espainiako Industria, Turismo eta Komertzio Ministerioari, ordainketa epe bakoitzeko egiazko kontsumoaren irakurketak egiteko aukerarik izan bitartean. Iracheren ustez, «ez da bidezkoa gero eta zerbitzu gehiagok kontsumitzaileek egindako erabilera zehatzarengatik kobratzen duten bitartean, argindarra bezain oinarrizkoa eta beharrezkoa den bat estimazio baten arabera kobratzea». Kontsumitzaileei informazio zehatza emateko ere eskatu dio Irachek Ministerioari.