Lasterketa apirilaren 19an izanen bada ere, Berako Maratoi Erdiaren bortzgarren edizioan izena eman nahi duenak dagoeneko egin dezake. Lasterketa antolatzen duen Manttale Mendi Lasterketa Taldeak martxoaren 2an, astelehena, ireki zuen epea eta hilaren 27a bitarte izanen da aukera, ez bada aitzinetik 400 parte-hartzaileren muga betetzen.
Ibilbidea aitzineko urteetakoaren berdina izanen da: 2.420 metroko desnibela eta 21 kilometroko luzera izanen ditu. Oraingoz, gizonezkoetan Ionut Zinkarena da markarik onena (1:41:27) eta emakumezkoetan Alizia Olazabalena (2:07:05). Zinkaren marka hobetzen duenak 300 euroko aparteko saria jasoko du, eta horrez gain, Ibardinera lehenengo ailegatzen denak 150 euro jasoko ditu. Maratoiko lehen hiru sailkatuek, berriz, emakumezko zein gizonezkoek, 250, 150 eta 100 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren.
Izena emateko www.manttale.com web orrian egin behar da, eta 20 euro ordaindu behar dira.
Aurten, berrikuntza gisa, 15-17 urteko gazteentzat ere maratoia antolatu du Manttalek. Kiroldegitik abiatu eta Ibardinera bitarte 6,6 kilometroko bidea egin beharko dute. Izena aipatu web orrian eman behar da, sei euro ordainduta.