Urrezko Aizkolarien Binakako laugarren txapela etxean du Donato Larretxea aranztarrak. Otsailaren 22an jokatu zen finala Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia) gaztea izan zuen lagun eta sei probetatik bortzetan nagusitu ziren. Anjel Arrospide eta Iñaki Azurmendiren kontra lehiatu ziren eta final ikusgarria eskaini zuten guztiek, estu joan baitzen.
Azkenean 34 segundoko aldea atera zuten txapeldunek: 24:32ko denbora egin zuten Larretxeak eta Atutxa II.ak eta 25:06koa Arrospidek eta Azurmendik. Joan den urten ere bikote ber izan ziren Arantzakoa eta Dimakoa eta txapela eskuratu zuten orduan ere. Honekin, beraz, binakako laugarren txapela du Larretxeak eta bigarrena Atutxak.
Gazteetan Saralegi eta Olano nagusi
Egun eta toki berean jokatu zen gazteen mailako finala, eta txapel hau ere eskualdean gelditu zen. Ruben Saralegi eta Arkaitz Olano leitzarrak gailendu ziren. Aurtizko Ander Erasun eta Berriozarko Julen Kañamares izan zituzten aurkari. Bortz probetatik hiru irabazi eta 14 segundoko aldea aterata nagusitu ziren leitzarrak. 17:06ko lana egin zuten txapeldunek eta 17:20koa azpitxapeldunek.
Joan den urteko txapelketan, Oihan eta Garikoitz Larretxea lehengusuen aurka galdu zuten Saralegik eta Olanok finala, baina aurten ez diote txapelari ihes egiten utzi.