«Asobaleko jokalaria izan eta talde haundi batean aritzea gustatuko litzaidake»

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 2a

TTIPI TTAPA

Ibai MEOKI - Doneztebeko eskubaloi jokalaria

• Doneztebeko Erreka eskubaloi taldetik atera eta poliki-poliki goiti doan bertze kirolarietako bat da Ibai Meoki Etxebeste (Doneztebe, 1988).
• 2007ko abenduan debutatu zuen Portland San Antonio taldearekin, eta hantxe aritu da geroztik. Denboraldi honen hasiera ere Portlanden egin du, baina orain, bi taldeen arteko akordioren bidez, hilabete batzuetan Anaitasunarekin ariko da, Ohorezko B mailan. Eta gustura hartu du aldaketa, «gehiago jokatzeko aukera» izanen duelako.
• Egunero ez bada, ia egunero entrenamendu saio gogorrak egin behar baditu ere, ingeniaritza ikasketekin segitzen du Iruñean.

Gaztea da oraindik, 20 urte bertzerik ez. Eta ibilbide luzea du aitzinetik. Baina poliki-poliki bere ametsa betetzeko bidean doa, «Asobal ligako jokalaria izan eta talde haundi batean aritzeko» bidean, alegia. Horixe baita bere ametsa.Mutiko kozkorra zela hasi zen eskubaloian Ibai Meoki, bere lagun aunitz bezala, Doneztebeko Erreka taldean, Txomin Mindegiaren aginduetara. Urte batzuk gibelera egin, eta Errekan eman zituen urteei buruz galdetuta, bi aldiz pentsatu gabe erantzun digu: «oroitzapen onak». Hitz politak ditu Errekari buruz: «talde ona izan du beti, eta nahiz eta ez ligarik irabazi, gerra eman izan du beti».

Erreka utzi eta San Antoniora jo zuen Ibaik. Ingeneritza ikasketak egitera Iruñera joatea erabaki zuen eta San Antoniok bere taldean aritzeko aukera eskaini zion. San Antonioko bigarren taldean aritu zen hasiera hartan, eta 2007ko abenduan talde nagusian jokatzeko aukeratu zuten. Ongi gogoan du lehenbiziko partida hura: Logroñoren aurka izan zen eta azken hiru minututan atera zuten. «Partida erabakia zegoenean penalti bat jaurtitzen utzi zidaten eta sartu nuen», dio Meokik. Asobal ligan aritzea haundia izan da doneztebarrarentzat, «positiboa», bere hitzetan. Momentuz, lau partida jokatu ditu Asobalen, lehenbiziko urtean bi eta joan den urtean bertze bi. Gainera, horietako batean Niko Mindegia herritarra eta laguna izan zuen ondoan: «elkarri begiratu eta irri egiten genuen, ‘begira non gauden’ erranez». Asobal Koparako ere deitu zuten, baina azkenean ez zuen jokatzerik izan. Asobal utzi eta orain, denboraldi hau akitu arte behinik behin, Anaitasunarekin ariko da, bi taldeak hala erabaki dutelako. Meokik ere gustura hartu du erabakia: «egunero Asobalekoekin entrenatzen nuen, baina lesionatu aunitz zeudenean baino ez nuen jokatzen partidatan. Alde horretatik, Anaitasuna nahiz eta maila baxuagoan egon, minutu gehiagoz jokatzeko aukera izanen dut».

Kantxan zentral postua du Ibaik eta ongi moldatzen da, taldea ederki mugituz. Halere, hobetzeko «aunitz» duela aitortu digu: «kanpoko jaurtiketak, eta batez ere, partida ongi irakurtzen ikasi behar dut, hobeki pentsatzen».

Ingeneritza Industriala ikasten dihardu Iruñean, eta zenbaitetan eskubaloiarekin bateratzea gogorra egiten zaion arren, poliki-poliki atera nahi du. «Unibertsitatetik entrenatzera eta entrenamenduetatik unibertsitatera. Horrela nabil, eta ez dut bertze gauzetarako denborarik». Ez da guttiagorako. Izan ere, Anaitasunarekin astean bortz egunez entrenatzen du, eta egun batean goiz-arratsaldez. Larunbatetan, berriz, partida izaten du. Baina merezi du. Gustukoa baitu eskubaloia. «Ilusioa , lagunak eta egunerokotik ateratzeko lasaigarria». Horixe da eskubaloia Meokirentzat, eta zortea izan dezala hemendik aitzinera ere, bere ametsa betetzeko aukera izan dezan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun