Lapurdiko emazteen kontrako erasoez ariko da aurten Zuberoko pastorala

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 2a

Gazteluak itxura hau zuen XX. mendearen hastapenean. Urtez urte, desegiten ari da eta abiada huntan laster harri meta bat bertzerik ez da izanen. TTIPI TTAPA

Bertzalde, sorginen ehizaren urtemugaren harira ekitaldiak izanen dira

Aurten, 400 urte beteko dira sorginen ehiza iragan zela Lapurdin eta Nafarroan. Ahoan bilorik gabe, Pierre de Lancrek erran zuen elizak akats haundia egiten zuela sorginak ez erretzean. Sorgin gehien errearazi zituen gizona bilakatu zen 1609an. Senpereko gaztelua izan zen De Lancren desmasien lekuko nagusia. Gizon hunek jesuitekin ikasi zuen eta beraz, begi txarrez ikusten zuen Lapurdiko emazteen jarrera. Bere liburuaren arabera, obsesionatua zegoen sexuarekin eta Euskal Herrian ikusi zituen emazteei sexu harreman nahiko libreak gustatzen zitzaizkien. Hori ere ez zien sekulan barkatu De Lancrek. Sorginen ehizaren urtemuga ospatzeko ekitaldiak eginen dira Senperen, bertzeak bertze, mintzaldiak. Hauen karietarat, Claude Labat historialaria entzuten ahalko da. Ondoko egunetan sorginkeriari buruzko idazlana plazaratuko du Elkar argitaletxearekin. Laster jakinen da ospakizunen programa zehatza. Bien bitartean, Zuberoan Belhagilen trajeria prestatzen da ari gai hortaz Titika Rekalt irratilaria eta kultura eragilea. Pastoral hau Alozen eskainiko dute uztailaren 6an eta abuztuaren 2an. Rekaltek idatzi duen lehen pastoral ofiziala da, nahiz eta duela zenbait urte Oiherkoren trajeria apailatu zuen. Xiberoko Botzan, Mauleko irratian, egiten du lan Rekaltek eta Senperen bere ahotsa entzun daiteke Euskal Irratiak sarearen irratsaioetan Gure Irratian. Orain, sorginen gaiarekin dabil lanean buru-belarri. Bere ustez, XVII. mendea bihurgune bat izan zen Euskal Herriarentzat eta horregatik gustatzen zaio hainbertze gai hau. Orotarat, 74 lagunek parte hartzen dute mustraketan, pastorala prestatzeko entseguetan…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun