Gure bazterretan oinez edo mendi bizikletaz ibiltzeko liburuxka atera du Turismo Bulegoak. Gure mendi eta oihanak ongi ezagutzen dituztenek ez dute horren beharrik izanen, baina gure horrelako lekuetan gutxitan ibiltzen diren saratarrek aukera paregabea dute haien ingurua ezagutzeko.
Oinezkoentzako bederatzi ibilbide bildu dira, batzuk errezak eta bertze batzuk zailagoak. Guztietan azalpenak ematen dira ibilbidean barrena ikus daitezkeen intereseko tokiei buruz, hala kaperak, nola bordak eta landareak.
Mendi bizikleta nahiago dutenentzat hiru proposamen biltzen ditu zehaztasun berdinekin.
Dena argazki ederrez hornitua dago eta lau hizkuntzetan argitaratu dute: eskuaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez. Turismo Bulegoan berean paratu dute salgai, sei eurotan.