Umore onean gan ziren aurtengo inauteriak. Umorea aldatu ez bada ere, inauteriak eurek bai aldatu direla azkeneko urteotan. Duela urte batzuk astelehena eta asteartearekin ospatzeari utzi, eta larunbata egun berria aukeratu zen. Ondotik auzo batzuk kurritzeaz utzi ziren (Alkerdi, Madaria eta Bentak). Eta duela guttitik igandeko eguna Haurren Eguna dela erran daiteke, egun horretan batez ere familiak beren umeekin ibiltzen baitira. Bertzalde, mendian kurritzen diren bordak ere aldatzen gan dire, batzuk hustu direlako (Zapatonekoa, Gartxitonekoa, Obenekoa…). Halere, bertze batzuk berriz bildu dira: Barberenekoa, Barrantxekoa, Altzatenekoa eta Aritzondokoa. Goiko argazkietan haurrak zein helduak ageri dira. Haurrena ortziralean ateratakoa da, inauteriak ospatzeko eskolak antolatutako kalejiran. Bertzea, berriz, larunbatekoa da, Kaminoko bordako atearen aitzineko aldean.