Espainiako Gobernuak azkenean onartu du Udalak aurkeztutako proiektua

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 2a

Mediku kontsulta berritzeko 32.716 euro jasoko dira

Urtarrilaren 24az geroztik zalantzan egon ondotik, azkenean otsailaren 18an jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak bere dirulaguntza deialdian aurkeztutako proiektua onartu zuela.

Krisiari eta langabeziari aitzin egiteko iragarritako laguntza deialdia urtarrilaren 24an akitu zen, eta aitzineko egunetan ere eskaera egiten saiatu arren, idazkariak ezin izan zuen azken egunera arte egin eskaera. Espainiako Gobernuak, ordea, garaiz kanpo ibili zela adierai zion, baina azkenean, Internet arazoak izan zirela onartu, eta Zugarramurdik laguntza jasoko du.

Mediku kontsulta berritzeko proiektua aurkeztu zuen Udalak Espainiako Administrazio Publikoko Ministerioan, Udalak joan den urteko abenduaren 29an onartu zuen proiektua, hain zuzen. Zugarramurdirentzat, gehienez, 34.481,89 euro iragarri ziren, baina obraren aurrekontua 32.716,9 eurokoa da.

Herriko Etxetik adierazi dutenez, baliteke mediku kontsultategi berria aurtengo abuzturako martxan izatea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun