Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira lelopean martxoaren 26an Tuteran hasiko da hamaseigarren Korrika. 11 egunez Euskal Herria zeharkatuko du eta apirilaren 5ean ailegatuko da bere helmugara, Gasteizera.
Martxoaren 28an eta 30ean inguruan
Inguruan ere ibiliko da Korrika. Martxoaren 28an, larunbata, Uitzitik barna sartuko da Leitzara eta Basakabiko gainetik Goizuetara jautsiko da handik Hernanira joateko.
Gipuzkoan barna ibili ondotik, Lapurdira abiatuko da Korrika, eta Uztaritzen barna Senperera sartuko da martxoaren 30ean. Eskualdean barna pasatuko du eguna. Senperetik Azkainera joanen da eta handik Sarara. Ondotik, Lizuniagan barna Berara ailegatuko da eta handik Lesaka aldera joko du. Sunbillatik pasako da gero eta Doneztebetik pasatuz Narbartera joanen da. Bertizaranatik Baztanera eginen du salto segidan eta Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Elizondo, Zigaurre eta Almandoztik pasa ondotik utziko du gure ingurua Korrika 16k. Handik Ultzamarako bidea hartuko du.
Korrika herriz herri
Ondoko taulan Korrika 16k gure eskualdera eginen duen bisitan, herri bakoitzean zein egunetan eta zein ordutan sartuko den jaso dugu. Bertzalde, aipatu, Leitzaldean 48,9 kilometro eginen dituela; Ttipi-Ttaparen Ipar Euskal Herriko eremuan 22 kilometro; Bortzirietan bertze 22 kilometro; Malerrekan 9,7 kilometro; Bertizaranan 2,9 kilometro eta Baztanen, azkenik, 37,7 kilometro. Beraz, guztira, 143,2 kilometro gure eskualdean. Peto zenbaki gehienei kilometroa dagokie, baina badira ibilbide laburragoa edo luzeagoa dutenak ere.
Omenduak
Korrika ekimena antolatzen den aldi oro, AEK-k norbait omentzen du. Hala, aurten, Euskal Herrira etorri, euskara ikasi eta erabili, umeei irakatsi eta belaunaldiz belaunaldi euskara transmititu duten familia horiek omenduko ditu Korrika 16k.
KORRIKA ESKUALDEAN
LEITZA, martxoak 28 - 16:37
GOIZUETA, martxoak 28 - 18:38
ARANO, martxoak 28 - 20:11
SENPERE, martxoak 30 - 10:25
AZKAINE, martxoak 30 - 11:16
SARA, martxoak 30 - 12:00
BERA, martxoak 30 - 12:43
LESAKA, martxoak 30 - 13:42
ETXALAR, martxoak 30 - 14:26
IGANTZI, martxoak 30 - 14:39
SUNBILLA, martxoak 30 - 15:11
DONEZTEBE, martxoak 30 - 16:00
LEGASA, martxoak 30 - 16:13
NARBARTE, martxoak 30 - 16:20
ORONOZ, martxoak 30 - 16:32
ARRAIOZ, martxoak 30 - 16:52
IRURITA, martxoak 30 - 17:11
GARTZAIN, martxoak 30 - 17:24
ELIZONDO, martxoak 30 - 17:30
IRURITA, martxoak 30 - 17:55
ZIGA, martxoak 30 - 18:22
ANIZ, martxoak 30 - 18:41
BERROETA, martxoak 30 - 18:54
ALMANDOZ, martxoak 30 - 19:07