ttipi-ttapa Ttipi-Ttapak Nafarroan hartzen duen eskualdean 312 haur jaio ziren 2008an, 161 neska eta 151 mutiko, beti ere Ttipi-Ttapan bildutako datuen arabera. Beraz, 2007an baino 51 haur gehiago jaio ziren. Mutikoen artean, aitzineko urtean bezala, Mikel izan zen izenik erabiliena, 11 kasurekin (2007an ere 11 izan ziren), Beñat bigarrena zortzirekin eta Julen hirugarrena, seirekin. Bortz Aitor eta launa Unax, Aimar, Mattin, Oihan eta Eneko jaio ziren iaz gure eskualdean. Aipatzekoa da mutikoetan 84 izen ezberdin erabili zirela. Nesken kasuan, Naroa izan zen gehien erabili den izena, zazpi kasurekin. Nahia izena ere zazpi neskei paratu zitzaien, baina kasu batzuetan ‘h’ jarri dute izena, bertze batzuetan gabe eta kasu batean ‘y’rekin, Naya, alegia. Bi izen hauen ondotik, Kattalin, Leire, Uxue, Ane eta Ainhoa datoz, izen horietako bakoitza 5 neskari paratu baitzioten. 2007an Uxue izan zen izenik erabiliena, zortzi neskei jarri baitzieten izen hori. Nesken kasuan ere hainbat izen ezberdin erabili ziren 2008an, 92 guzira.