Bortz doneztebar Elbrusera

TTIPI TTAPA 2009ko martxoaren 2a

Kaukason dago eta Europako mendirik altuena da Elbrus (5.642 metro). Gainditu beharreko desnibela haundia da eta hori eta altuera izaten dira mendizaleen lanik haundienak. Elbrus mendiko azken aterpea, Barrels, –euskaraz Kupelak– 3.900 metrora dago, eta azken egunean 1.782 metroko altuera igo behar da. Bada horixe egin nahi dute bortz doneztebarrek. Uztailaren 18tik 30era bitartean Elbruseraino igotzen ahaleginduko dira Alejandro San Miguel Sanba, Igor Agesta, Joxerra Aldabe, Tomas Sanz eta Roberto Ordax.
Uztailaren 18an Bilbotik hegazkinez Bruselara abiatuko dira, handik Moskura joateko. Eta poliki-poliki azken aterpera ailegatuko dira uztailaren 21ean. Elbruserako bidea hartu aitzinetik maila baxuagoko mendiekin eginen dute saikera, Pastukov harkaitzetara (4.650 metro) joanez, adibidez.

Bi saiakera

Uztailaren 25ean eginen dute Elbrus igotzeko lehenbiziko ahalegina eta biharamunean berdin eginen dute. Uztailaren 27tik aitzinera beherako bidea hartuko dute eta 30ean etxera ailegatuko dira. Dena den, mendian ibiltzeaz gain, Mosku aldean zenbait eraikin bisitatzeko ere aprobetxatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun