Xabier Silveira ere Elizondoko finalean izanen da

Utzitako argazkiak 2009ko mar. 2a, 12:49
Xabier Silveira zen faborito Altsasun eta ez zuen hutsik egin, saio ederra eginez. TTIPI TTAPA

Altsasuko finalaurrekoan erraz nagusitu zen

Xabier Silveirak nagusitasuna erakutsi zuen larunbatean Altsasuko finalaurrekoan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa jokatu zen larunbatean Altsasuko Iortia Kultur Etxean. Horretan, Xabier Silveirak pronostikoak bete eta finalerako zuzeneko sailkapena lortu zuen. 200 lagun inguru elkartu zen saioa ikusteko, kanpoan herriko inauteriak ospatzen zituzten bitartean. Bigarren finalaurreko hau, lehenengoa baino motelago joan zen. Silveirak nagusitasun handia erakutsi zuen saioaren hasieratik, ongi baino hobeto kantatu zuen eta egindako lanak saria izan zuen azken sailkapenean; lehen postua eskuratu zuen, gainerako bertsolariei alde handia atereaz.

Nafarroako txapela bortz aldiz irabazi duen lesakarraren gibeletik, gauzak aunitzez ere estuago joan ziren. Hiru bertsolari izan ziren nor baino nor, eta kartzelako ariketan egindako lanari esker, Jon Elizetxe gartzaindarrak lortu zuen bigarren postua. Miel Mari Elosegi “Luze” leitzarra sailkatu zen hirugarren, baina aurten finalean sartzeko aukerarik gabe gelditu da. Aurizko saioan irabazi zuen Aimar Karrikak, berriz, laugarren egin zuen Altsasun. Azken bi postuak bi bertsolari gazterentzat izan ziren: lehen parte-hartzea zuen saioa Alkaizarentzat eta Alazne Untxalo iturendarrarentzat.

Puntuaketa

Honakoa izan zen puntuaketa:
Xabier Silveira 346,5 puntu.
Jon Elizetxe 307,5 puntu.
Miel Mari Elosegi “Luze” 299,5 puntu.
Aimar Karrika 295 puntu.
Saioa Alkaiza 280,5 puntu.
Alazne Untxalo 276 puntu.

Azken finalaurrekoa Antsoainen martxoaren 7an

Azken finalaurrekoa Antsoainen jokatuko da larunbat honetan, martxoak 7, arratsaldeko 17,30ean: Julio Soto, Erika Lagoma, Xabier Legarreta, Joxe Juan Zubieta “Etxabe”, Ander Fuentes “Itturri” eta Iñaki Aleman ariko dira finalerako txartelen bila. Lehia estua espero da, puntu guttiren baitan egonen baita finalean sartu edo ez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun