Inauteri desberdinak, jendetsuak eta batez ere, arrakastasuak

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 2a, 12:23
Astelehenarekin eskean ibili zen gazte talde bat. TTIPI TTAPA

Azken urteetan nahiko hila zegoen inauterietako astearte arratsaldea biziberritu dute aurten gazteek bertso pilotarekin

Bertso-pilota izan da aurtengo ekitaldirik arrakastatsuena. Jendearen harreta gehien piztu duena. Xabier Leiza eta Jabier Galarregi Tolare, Beñat Irazoki Bagole eta Xabier Etxarte Armitxen kontra aritu ziren pilotan, Peñagarikano eta Irazu bertsolariak botilero lanetan zituztela. Eskoziarrez jantzita, partida originala jokatu zuten herriko gazteek, gona eta guzti, eta bertsolariek bertso ederrak paratu zizkieten euren jokaldiei. Umoreak, irriak eta zirikaldiek ez zuten hutsik egin. Sekulako jendetza elkartu zen frontoi bazterrean, haur, heldu nahiz adinekoak, inauterietako momenturik berezienean. Ondotik, saski baten zozketa egin zen herriko baserri guztien artean (astelehenean gazteek banatu zituzten zenbakiak) eta Maixkineko Bordara joan zen saria.

Inoiz baino karroza gehiago desfilean

Aspaldiko urtetan ez bezala, aurten karroza aunitz ikusi ahal izan ziren astearte goizeko desfilean. Indiarrak, eskimalak, txinatarrak herensuge eta guzti, San Ferminetako entzierroa, Karlos Argiñano bere telebistako platoarekin eta ijituak azpiko arropa saltzen. Denetarik ikusi zen. Jende parrastak segitu zuen desfilea. Ondotik, Herriko Ostatuan egin zen bazkaria.

Astelehenean, iaz baino kasik dozena bat gazte gehiago elkartu zen baserriz baserri eskean ibiltzeko, guztira 70. Bi taldetan banatuta, goiko eta beheko auzoetako bueltak eginda, Armitxen bazkaldu zuten batzuek eta Usategieteko txabolan bertzeek. Arazo nabarmenik gabe joan zen eguna eta antolatzaileak gustura daude inauterien martxarekin.

Haur eta jubilatuak ere inauterietan

Herriko ttikienek Ortzegun Gizen egunean ospatu zituzten inauteriak. Urtero bezala, etxez etxe eskean ibili ziren goizez eta arratsaldean antzerkiak egin zituzten herrian barna, kalejiran ibili bitartean. Larraburuko jubilatuek, berriz, asteartearekin bazkari ederraren bueltan ospatu zituzten inauteriak. 30 lagunetik goiti elkartu eta berandura arte luzatu zuten euren besta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun