Etxarlako herriaren interesak defendatzen segitzen du Herri Taldeak

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 2a, 11:43

Etxalarko EAk, Arrakoitz poligonoaren inguruan egin dituen adierazpenen aitzinean, Herri Taldeak puntu batzuk argitu nahi ditu; •EA taldeak idazten du bere Alkarberrin, «epaiketara joateari uko egiten dion akordioa» sinatu zela. Herri Taldeak argitu nahi du iralekuen konbenioa sinatu baino lehen epaiketa bat martxan zegoela Iruñeko lehen instantziako 4. epaitegian, 854/2002 zenbakiarekin, Arrakoitzeko lurren jabeak sustatuta. Etxalarko Udalak bere eskubideak eta komunalen defentsa egiteko aurkeztu zuen bere burua epaiketa horretan. Beraz, argi gelditzen da, hemen inork ez duela epaiketa batera joateari uko egin.
•Bertze puntu batean «akordio extrajudiziala» aipatzen du. Gauzak argitze aldera, erran, akordio hau 2003ko apirilaren 4ko batzarrean onartutako iralekuen konbenioa dela (EAren kontrako botoekin). Konbenioa berretsi egin zuen Nafarroako Gobernuak 2003ko ekainaren 9an egindako batzarrean, 136/2003 agindu forala ateraz eta N.A.O. 85 zenbakian argitaratuz 2003/7/4an. Akats batzuk ikusita, horiek konpondu eta berriz argitaratu zen 2004/1/21an, N.A.O. 9 zenbakian. Konbenio honetan Etxalarko herria 392.956 m2rekin gelditu zen eta Arrakoitzeko jabea 10.480m2rekin.
•Etxalarko EAk, Herri Taldearen azkeneko urtetako lana dudan jartzen du baita uko egin izana zenbait gauzari ere. Aitzineko puntuak ikusita argi eta garbi erran behar dugu eguneroko lanaren gardentasuna ez dela zalantzan jartzerik...
Etxalarko Herri Taldeak adierazi nahi du tinko eta zuzen jarraitzen dugula Arrakoitzeko poligonoa aitzinera ateratzeko lanetan, gainera poligono honek Bortzirietako gizarteari onura ekar diezadoke krisi garai honetan.
Etxalarko EAk argi erakusten digu ez dutela poligonorik nahi; kontrako norabidean ari dira lanean, bidean harri kozkorrak jarriz; zenbakiak, kontzeptuak, legalitatea eta bakoitzaren nahia nahasiz; konbenioak erregaluekin konparatuz; kontra bozkatzen edo zuzenean ez bozkatuz, eta gainera, Herri Taldeari ezer ez egiteko esanez. Falta zitzaiguna! EAk salatzen duen bezala, Herro Taldekoak ordezkari publikoak izanik ez balituzte udal interesak behar bezala defendituko, eta milioi 1 eta 2 arteko kontrako konbenioa sinatu, epaitegietara jo beharko luekte eta ez haizea saltzen ari. Horrelako adierazpenak egiten dituenak kasu eman beharko luke zer idazten duen, hitzak norberaren kontra joaten ahal dira eta.

Etxalarko Herri Taldea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun