Miopea, gaixotasun arraroren bat duena

TTIPI TTAPA 2009ko mar. 2a, 11:42

Oninen arabera, «PNVko norbaitek okulistarengana joan beharko luke, gaixotasun arraroren bat edukiko du».
Joan den urteko udan, pagoak eta urkiak legez kanpo botatzeagatik, Lesakako Udalari egin nizkion kritika politikoei erantzuteko argudiorik ez, eta bi adjektibo eta baliabide semantiko horiek erabili ditu Onin Udal Taldeak politika modu burutsu, adeitsu eta zuzenean egiteko bere ikasgai didaktiko eta praktiko diztiratsuan oinarrituz. Nire izena erabili gabe (erraz identifika daiteke salatu zuen bakarra ni izan nintzelako), baina argi utziz, denaren gainetik, eurek ukiezinak direla (ezta Patxiku jeneralisimoa izanda ere). Nik ulertua nuenez, demokrazia errepresentatiboan (egun nagusi dena) herriak aldizka egiten diren hauteskunde libreetan aukeratutako agintariei ematen die subiranotasuna. Agintari horiek, teorian, herritarren interesen arabera jokatu behar dute, herriak aukeratutako ordezkariak baitira. Hartutako erabakiak legearekin bat ez badatoz, errekurritu daitezkeelakoan nago, edo guttienez, kritikatu. Lesakan, oraingo Udal Gobernuarekin, badirudi hori ezinezkoa dela, herritarrek Udal Gobernukoei komeni zaiena bakarrik ikusi behar dutela dirudi; halaxe ondoriozta daiteke Oninek etxez etxe buzoietan banatutako buletinetik eta prentsan argitaratutakotik, nik salaketa egin eta handik sei hilabetera.
Deskalifikazio arinez gain, errealitatea ezkutatzeko berriro ere gezur lotsagarrira jo dute euren hautesleen aitzinean. «Sasiak» eta «aranondoak» deitu diete legez kanpo botatako pago eta urkiei. Bere garaian ezjakintasunagatik izan bazen ere, orain, hori erratea hagitz larria da, arrazoia ezagutuz erran dutelako gezurra, eta beraz, herritarrak engainatzeko asmoarekin eta salatu duen herritarrari izen ona kentzeko. Eta horiek edozein hautetsik egin ditzakeen akats larrienetarikoak dira: hautesleei gezurra erran eta deskubritzen duenaren izena zikindu.
Hori frogatzeko, argituko dizuet, Nafarroako Gobernuak 239/2008 espedientea ireki ziela eta hortik hasita Ingurumen eta Ur Zuzendari Nagusiaren azaroaren 12ko 2093/2008 ebazpena etorri zela. Horrekin Lesakako Udalaren kontrako zehapen-espedientea abiatu zen, baimenik gabe, Aginan 21 pago eta 14 urki (zuek umorez «sasiak» eta «aranondoak» deitzen dituzuen horiek) botatzeagatik; arau-hauste hori abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean bildua dago. Beraz, argi gelditu da zuek legea urratu zenutela, eta baduzuela horren berri, Gobernuak jakinarazi zizuelako. Akatsa onartu beharrean, gai honekin zerikusirik ez duten bertze gaiekin nahasi duzue kontua. Gai honi buruz jendaurrean hitz egin eta hedabideren batean idazten duzuenean, zuen baieztapenek zenbaterainoko sinesgarritasuna izan dezaketen adierazten du honek guztiak.
Bukatzeko, benetan axola zaiena nire ikusmena dela dirudienez, erran nahi dizuet, duela gutti gidabaimena berritu dudala (betaurrekorik gabe); eta diozuen gaixotasun arraro horri buruz, berriz, zer nahi duzue erratea... (Ni, ongi, eskerrik asko). Oroitarazi, azkenik, oraindik 2008ko uztailaren 28ko nire gutunean egin nituen galdera garrantzitsu eta sinpleen erantzunaren zain nagoela. Ez liderrak ez alkate jaunak ere, ez baitituzte erantzun eta oraingo komunikatuan ere ez dute egin.

Jose Luis Etxegarai Andueza

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun