Nafarroako Herri Kirol Jolasak igandean abiatuko dira Etxarri-Aranatzen

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 27a, 12:14

Baztango Basaburuak kategoria eta modalitate guzietan taldea aterako du, Igantzik eta Arantzak alebin mailako konbinatuan bakarrik

Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirol Institutuarekin batera antolatutako Herri Kirol Jolasak txapelketa igande honetan, martxoaren 1ean, hasiko da Etxarri Aranazko frontoian, goizeko 11etatik aitzinera. Herri Kirol Jolas hauetan hiru kategorietako neska-mutilak hartzen dute parte: kimu edo alebin mailakoak (11-12 urte), haur edo infantil mailakoak (13-14 urte) eta kadete mailakoak (15-16 urte). Haur eta Kadete mailetan bi txapelketa egiten dira Soka-Tira eta Proba Konbinatua (koxkor biltzea, zaku lasterketa, txinga-eramatea, korrika eta arpana modalitateak biltzen dituena).

Alebin mailan, Basaburua, Igantzi eta Arantzako neska-mutikoek beteko dute eskualdeko ordezkaritza

Alebin mailako haurrek berriz Proba Konbinatuko Txapelketa bakarrik izanen dute, baina arpana modalitatea ez da sartzen. Alebin maila honetan 9 talde lehiatuko dira: Berriozar A eta B, Ultzama, Baztango Basaburua, Igantzi, Arantza, Etxarri Aranazko Andra Mari eta Trumoiak eta Altsasuko Iñigo Aritza.

Haur eta kadete mailan Basaburuak bakarrik

Haurren proba konbinatuan lau talde izanen dira: Berriozar, Ultzama, Basaburua eta Andra Mari. Sokatiran, berriz, hiru izanen dira, Ultzamak ez baitu parte hartuko. Kadete mailako proba konbinatuan Basaburua, Etxarri Aranazko Andra Mari eta Putterri eta Txantrea lehiatuko dira eta sokatiran, aipatutako lau talde hauetaz gain, Altsasuko Iñigo Aritza ariko da.

Egutegia

Igandean Etxarri Aranatzen eginen den sainaren ondotik, martxoaren 8an Larraintzarren jokatuko da bigarren jardunaldia, martxoaren 15ean Altsasun hirugarrena, martxoaren 22an Berroetan laugarrena (euria eginen balu, Iruritan) eta finala Berriozarren jokatuko da apirilaren 5ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun