Donato Larretxeak eta Atutxak bigarren urtez irabazi dute Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketa

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 25a, 12:28

Gazte mailan Arkaitz Olano eta Ruben Saralegi leitzarrek irabazi zuten

Donato Larretxea aranztarrak eta Dimako Aitzol Atutxa bizkaitarrak bigarren urtez segidan irabazi dute Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketa, igandean Azpeitian jokatutako final estuan faborito ziren Iñaki Azurmendi eta Anjel Arrospideri irabazita. Irabazleak beti aitzinetik izan ziren, baina segundu gutti batzuen aldearekin. Honela, azken lan luzera 19 segundu eskaseko aldea zuten Donatok eta Aitzolek. Baina lan luzean, bi gipuzkoarrek aurrea hartu zuten lan erdietan eta bazirudien buelta emateko gai izanen zirela. Halere, Larretxeak eta Atutxak bigarren erdi ona egin zuten eta 15 segunduko aldearekin irabazi zuten azken lanean ere. Azkenean, lan guziak egiteko 24 minutu eta 32 segundu behar izan zituzten irabazleek eta 25 minutu eta 6 segundu azpitxapeldunek.

Gazte mailan txapela Leitzara

Gazteen mailako norgehiagoka ere aski lehiatua izan zen eta azkenean, Ruben Saralegi eta Arkaitz Olano leitzarrak gailendu zitzaizkien Berriozarko Julen Kañamares eta Ander Erasun aurtiztarrari. Irabazleek 17 minutu eta 7 segundu behar izan zituzten lan guziak bukatzeko eta 13 segundu gehiago azpitxapeldunek.

Euskadiko sokatira txapelketan berriz ere Abadiño txapeldun

Abadiñok eta Badaiotzek larunbatean irabazi zuten larunbatean 600 eta 500 kiloko Euskadiko Sokatira Txapelketa. Bi pisuetako azken jardunaldiak jokatu ziren Murgian, Araban, eta bi taldeek irabazi zuten jardunaldia baita txapela ere, tiraldi guztiak irabazita.
Gizonezkoen 600 kilotan, bigarren eta azken jardunaldia jokatu zen, hirugarren jardunaldia bertan behera gelditu zelako. Bortz talde aritu ziren sokan: Abadiño, Berriozar, Amaiur, Sokarri eta Ñapurrak. Abadiñok, nagusitasun osoz irabazi zituen tiraldi guziak.Bigarren posturako lehian Berriozar nagusitu zitzaion Amaiurri, eta sailkapen orokorrean berdindu egin zutenez, ligaxkaren akabailan kitarakoa jokatu behar izan zuten. Horretan Berriozarkoak gailendu ziren, bi tiraldiak irabazita. Sokarrik eta Ñapurrakek ere berdindu egin zuten Murgian, baina Sokarrik puntu bat gehiago eskuratu zuenez, lehen jardunaldian, Arrigorriagakoak sailkatu ziren laugarren postuan.

Sailkapenak

Gizonezkoen 600 kiloko bigarren eta azken jardunaldiko sailkapena
1. Abadiño (Bizkaia): 12 tanto, 5 puntu
2. Berriozar (Nafarroa): 9 tanto, 4 puntu
3. Amaiur (Nafarroa): 6 tanto, 3 puntu
4. Sokarri (Arrigorriaga): tanto 1, 1,5 puntu
5. Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi): tanto 1, 1,5 puntu

Gizonezkoen 600 kiloko azken sailkapena
1. Abadiño (Bizkaia): 10 puntu
2. Berriozar (Nafarroa): 7 puntu
3. Amaiur (Nafarroa): 7 puntu
4. Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia): 3,5 puntu
5. Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi): 2,5 puntu

Emakumezkoetan Badaiotz txapeldun eta Beti Gazte azpitxapeldun

Emakumezkoen 500 kilokoari dagokionez, Oiartzungo Giriziak ezin izan zuen taldea osatu, eta ez zuen hirugarren eta azken jardunaldian tiratzerik izan. Ondorioz, Badaiotz eta Beti Gazte aritu ziren lanean. Badaiotz nagusitu zen bi txandatan eta lau tiraldiak irabazita.
Emakumezkoen 500 kiloko hirugarren jardunaldiko sailkapena:
1. Badaiotz (Gasteiz, Araba): 6 tanto, 2 puntu
2. Beti Gazte (Lesaka, Nafarroa): 0 tanto, puntu 1

Sailkapen orokorra, hiru jadunaldi jokatuta:
1. Badaiotz (Gasteiz, Araba): 8 puntu
2. Beti Gazte (Lesaka, Nafarroa): 5 puntu
3. Girizia (Oiartzun, Gipuzkoa):2 puntu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun