Ehiza-baimena lehen aldiz lortzeko azterketak maiatzean eginen dira

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 25a, 12:13

Aitzinetik, ikastaro bat egin beharko dute interesatuek

Ehizean ibiltzeko baimena lehenbizikoz lortu nahi duenak maiatzaren 9an eta 10ean izanen du horretarako lehen aukera, eta 30ean eta 31n bigarrena. Baina azterketa egin ahal izateko, zinegetikari buruzko bortz orduko ikastaro bat egin beharko da aitzinetik. Ikastaro hau joan den urteaz geroztik derrigorrezkoa da.

Izen ematea martxoaren 20a baino lehen

Martxoaren 20an akituko da izen-emateko epea. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentura jo beharko da horretarako, eta izena emateaz gain, NANaren kopia, eskaera eta azterketa egiteko ordaindutakoaren agiria (12 euro) aurkeztuko beharko dira. Izena emandakoen artean, batzuk baino ez dute izanen ikastaroa egiteko aukera, eta horiek zein diren martxoaren 27an adieraziko du Gobernuak. Aldi berean, orduan jakinaraziko du zeinek parte hartuko dute ikastaroan, eta azterketa zeinek eta noiz eginen duten. Zerrenda Nafarroako Gobernuko iragarkien taulan eta www.navarra.es web orriko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren txokoan argitaratuko da.

Ikastaroa derrigorrezkoa

Ehiza-baimena lortzeko azterketaren aitzinetik, ikastaroa egitea nahitaezkoa da joan den urteaz geroztik. Beraz, egiten ez dutenek ezin izanen dute azterketarik egin. Ikastaro hori apirilaren 17an, 18an, 24an eta 25ean eginen da. Azterketei dagokienez, erran, lehenbiziko deialdira aurkezten ez direnek, edo aurkeztuta ere, gainditzen ez dutenek, bigarren deialdian bertze aukera bat izanen dutela. Aipatu bezala, lehenbiziko proba maiatzaren 9an eta 10ean izanen da, eta bigarrena maiatzaren 30ean eta 31n. Azterketako galderak Nafarroako ehiztariaren eskuliburuan oinarritutakoak izanen dira (Manual preparatorio del examen del cazador de Navarra 2008).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun