Asteartea eguerdian Etxalarren karrozen desfilea izan da. Txinatarrak ikusi ahal izan dira dragoi eta guzi; Argiñano eta Telebortzeko kamerak, bere fruta eta barazkiekin; Sanferminetako entzierroa, zezen eta guzi, pinguinoak eta eskimalak edo braga ikusgarriak saltzen zituzten karrikako saltzaileak. Arratsaldean, bertso-pilota izanen da Irazu eta Peñagarikanorekin.
Igandean Inudeak eta Artzaiak Beran eta zakozarrak Lesakan
Igandean, inude eta artzaiak Beran eta zakozarrak Lesakan izan ziren protagonista. Beran 54 bikote atera ziren, azken aldiko kopururik handiena eta bere ohiko ibilbidea osatu zuten goiz eta arratasaldez. Lesakako zakozarrek ere bertze horrenbertze egin zuten. Hemen 50 bat bildu ziren eta karrika bazterretan ikusle zeudenak zirikatu zituzten bere pizontziekin.
Astelehena eta asteartea
Astelehenean, karrozen txanda izan zen Lesakan eta Zingar-Arraultzearena Beran. Lesakan Fraindarrak eta Goitarrak ere ibili ziren eskean eta asteartean ere horretan segituko dute Fraindar batzuk. Asteartean, Etxalarren ez ezik Goizuetan, Arizkunen eta Erratzun ere egun handia izanen dute.