Baztan-Bidasoarako hirigintza aholkularitza emanen duen bulegoa inauguratu da Donezteben

Aitor AROTZENA 2009ko otsailaren 24a

Jose Carlos Esparza, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa kontseilaria eta Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea. TTIPI TTAPA

Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa kontseilaria izan zen otsailaren 24ko inaugurazio ekitaldian

Baztan-Bidasoalderako hirigintza aholkularitza eskainiko duen bulego berriaren inaugurazioa egin da astearte goizean Doneztebeko udaletxean. Hain zuzen, urtebetez Oteiza auzoko Juansenean izan da bulego hau eta orain, Doneztebeko udaletxe atarian, Merkatarien karrikaren seigarrenean izanen du betiko kokapena. Inaugurazio ekitaldian, Jose Carlos Esparza Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa kontseilaria, Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea eta Idoia Madariaga, Nasursako gerentea izan dira azalpenak ematen eta bere inguruan, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana eta Sunbillako udal ordezkariak bildu dira.

Eskualdeko 21 udaletatik 12

Bulego berria egiteko lanen aurrekontua 99.407,09 eurokoa izan da eta bertan bi arkitektuk, aparejadore batek eta bi administrarik hirigintza eta etxebizitzaren inguruko aferetan laguntza teknikoa eskainiko diete eskualdeko udal erakunde eta partikularrei. Hain zuzen, eskualdeko bizilagunen erditsua lagunduko dute, 21 udaletatik 12k Nasursak eskaintzen duen aholkularitza zerbitzuarekin bat egin baitute. Hain zuzen, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Igantzi, Lesaka, Oitz, Urdazubi, Urrotz eta Zugarramurdi dira.

Urtebetean 444.000 euroko laguntza etxeak zaharberritzeko

Juansenean izan den azkeneko urte honetan, etxeen zaharberritzeei buruzko 168 ahozko kontsultsa artatu dituzte bulegoan eta 108 etxebizitzari zegozkion 56 espediente tramitatu dituzte. Nafarroako Gobernuak 444.646,11 euroko dirulaguntza eman du etxe hauen zaharberritzerako. Udalek eskatuta, 90 hirigintza espediente tramitatu dira.

Etxeak barrenetik berritzeko dirulaguntzak

Nafarroako Gobernuak etxebizitza barrutik zaharberritzeko proiektuak diruz lagunduko ditu. Hirigintza eta Etxebizitzaren alorrari bultzada emateko Nafarroako Gobernuak hartu dituen presako neurrietako bat da hau eta 2011ko abenduaren 31 bitarte indarrean egonen da. Etxebizitza bakoitzeko gehienez 3.000 euroko dirulaguntza emanen du, beti ere, etxebizitzak 15 urte baino gehiago baldin baditu eta laguntzaren eskaera egiten duena hor bizi bada. Etxe barruko obrak baino ez ditu subentzionatuko deialdi honek eta dirulaguntza jaso ahal izateko, guttienez 4.000 euroko aurrekontua duen proiektua aurkeztu beharko da. Horrez gain, aipatu, eskatzaile bakoitzak behin baino ez duela jasoko laguntza. Beraz, ezin izanen du aldi batean baino gehiagotan egin eskaera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun