Iñigo Olaetxea lesakarra da Nafarroako Bertsolari txapelketako lehen finalista

Utzitako argazkiak 2009ko otsailaren 24a

Iñigo Olaetxeak gibelean utzi zituen iazko txapelduna eta txapeldun ordea, Zelaieta eta Barberena. TTIPI TTAPA

Ongi nagusitu zen larunbatean Goizuetako saioan

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa jokatu zen larunbatean, Goizuetako Udaletxeko ganbara dotorean eta han Iñigo Olaetxea lesakarrak eskuratu zuen finalerako lehenengo txartela. Olaetxea nagusitu zen finalaurrekoan, bere esperientzia baliatu baitzuen saio erregularra egiteko, ona eta gorabeherarik gabekoa. Horri esker, aurre hartu zien iazko txapeldun eta txapeldunordeari, Julen Zelaieta eta Jon Barberenari. Bi horiek bigarren eta hirugarren egin zuten, hurrenez hurren, eta puntuazioen zain egon beharko dute Elizondoko finalean egonen ote diren jakiteko. Haien arteko aldea hagitz ttikia izan zen, puntu erdikoa. Aipatzekoa da Eneko Lazkozek egindako saioa. Etxarriarrak saio txukuna egin zuen eta azkenean laugarren egin bazuen ere, bigarrenetik puntu eskas batera gelditu zen. Era berean, Aritz Saraguetak eta Bittor Elizagoienek maila polita eman zuten. Izan ere, lehen finalaurreko honen maila oso ona izan zen eta bertso politak entzun ziren. Goizuetan 120 lagun inguru elkartu zen saioa ikusteko eta horiek gustura gelditu ziren entzundakoarekin.

Puntuaketa

Honakoa izan zen puntuaketa:
Iñigo Olaetxea: 322,5 puntu.
Julen Zelaieta: 308,5 puntu.
Jon Barberena: 308 puntu.
Eneko Lazkoz: 307,5 puntu.
Aritz Saragueta: 300,5 puntu.
Bittor Elizagoien: 296,5 puntu.

Hurrengo bi finalaurrekoak

Falta diren bi finalaurrekoak hurrengo bi asteburuotan jokatuko dira:
Altsasu (Otsailak 28, 17,30ean): Aimar Karrika, Xabier Silveira, Miel Mari Elosegi “Luze”, Saioa Alkaiza, Jon Elizetxe eta Alazne Untxalo.

Antsoain (Martxoak 7; 17,30ean): Julio Soto, Erika Lagoma, Xabier Legarreta, Joxe Juan Zuebieta “Etxabe”, Ander Fuentes “Itturri” eta Iñaki Aleman.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun