Uholdeko kalteak ordaintzeko oraindik ez dela dirulaguntza deialdirik gogoratu dio Etxalarko Herri Taldeak EAri

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 20a, 16:18

Arrakoizko industrialdeaz errandakoei ere erantzun die

Uholdeek sortutako kalteen aitzinean Etxalarko EAk argitaratutako prentsa oharrari erantzun nahi izan dio Herri Taldeak. Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak jasotzeko eta kalteak %100ean kobratzeko zorroztasuna eskatzen dio EAk Udalari. Zein dirulaguntzaz ari diren galdegiten du Herri Taldeak, “guk dakigunez ez dago inolako dirulaguntzarik, lege proposamen bat bakarrik, Nafarroa Baik egina. Berriz ere, behia baino lehen zintzarria erosia”. Alkatea, edozein erakundek herrira bisita egiten duenean edo ingurura hurbiltzen direnean, hor egoten dela gogorazi du Herri Taldeak. “Azkeneko adibidea Garraio Departamentuko kontseilaria Doneztebera etorri zenekoa dugu. Kontua da, bisita egiterakoan bertaratzen diren teknikoak eta Udaleko teknikaria elkarrekin izatea, alkatea egotea bezain garrantzitsua dela, beraiek kuantifikatu eta kalifikatzen baitituzte obrak”.

Maiorga Ramirez edo "Espiritu Santua"

EAko idatzian, Maiorga Ramirez, Etxalarko salbatzailearen moduan agertzen del aeta, Herri Taldekoak zera diote: “Ez dakigu zer egin “espiritu santua” edo “maior conseguidor” izendatu? Bere lanaren arrastorik ez dago Etxalarren. Ematen du berak mozten duela pastela, baina parlamentoan, pastela, bertze batzuen eskuetan dago. Nonbait EAkoek “agostazo”aren ondorioz insolazioak jota, egunetik eguenera gero eta nahasiagoak daude”.

Arrakoizko industrialdeaz

Azkeneko Elkarberri Boletinean Arrakoizko industrialdean Herri Taldeak egindako kudeaketaz aritu zen oso-osorik EA eta aldizkari horretan agertutakoei erantzun die Etxalarko udalean nagusi den taldeak. Gogorarazi nahi izan dute udala Arrakoizko jabearekin epaiketan izan zela iratzelekuen hitzarmena sinatu baino lehen. “Hau sinatuta Etxalarko herria 392.956m2kin gelditu zen eta Arrakoitzeko jabea 10.480m2ekin”. Herri Taldearen ustez, honek erakusten du bere eguneroko lanaren gardentasuna ez dagoela zalantzan jartzerik.

«EA kontrako norabidean ari da lanean»

Arrakoizko industrialdearen alde lanean segituko dutela azpimarratu nahi izan dute, krisi garai honetan anura ekar baitezaioke Bortzirietako gizarteari. “Etxalarko EAk argi erakusten digu –dio Herri Taldearen idatziak– ez dutela poligonorik nahi; kontrako norabidean ari dira lanean, bidean harri kozkorrak jarriz; zenbakiak, kontzeptuak, legalitatea eta bakoitzaren nahia nahasiz; konbenioak erregaluekin konparatuz; kontra bozkatzen edo zuzenean ez bozkatuz, eta gainera, Herri Taldeariri ezer ez egiteko esanez. Falta zitzaiguna!”. EAk salatzen duen bezala, Herri Taldekoek ordezkari publikoak izanik ez balituzte udal interesak behar bezala defenditu, eta milioi 1 eta 2 arteko kontrako konbenioa sinatu, “epaitegietara jo beharko zuten eta ez haizea saltzen ari. Horrelako adierazpenak egiten dituenak kasu eman beharko zuen zer idazten duen, hitzak norberaren kontra joaten ahal dira eta”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun