Errekako eskuz binakako pilota txapelketaren finalistak erabaki dira

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 19a, 15:25

Martxoaren 7an jokatuko dira final guziak Donezteben

Errekako eskuz binakako zazpigarren pilota txapelketako finalak erabakiak gelditu dira. Hain zuzen, asteazkenean jokatu ziren Donezteben jokatzekoak zeuden finalerdiak, senior bigarren mailakoak. Lehenbizikoan, Aurrera Saiaz elkarteko Oier Apezetxea goizuetarrak eta Zubirik 22 eta 18 irabazi zieten Aldabideko Zaranton eta Irañetari eta bigarrenean, Huarteko Kortabarriak eta Errekako Imanol Baleztena zubietarrak 22 eta 19 irabazi zieten Aldabideko Ezkurdia eta Arrutiri. Honela, martxoaren 7ko finalean, Apezetxea eta Zubiri, Kortabarria eta Baleztenaren kontra ariko dira.

Senior elite kategorian hirugarren finala segidan Renobalesek

Joan den asteazkenean jokatu ziren senior elite mailako finalerdiak. Lehenbizikoan, Hernaniko Esnal profesional ohiak eta Gorrotxategik 22 eta 17 irabazi zieten Aurrera Saiazeko Ontsalo aresoarrari eta Xabi Arraztoa iruritarrari. Bigarrenean, Aurrera Saiazeko Renobales eta Añorgako Koldo Galarragak 22 eta 15 irabazi zieten Gure Txokoako Joseba Pikabea aranztarrari eta Gaizka Otxandorena almandoztarrari. Honela, Esnal eta Gorrotxategi, hirugarren finala segidan jokatuko duen Renobales eta Galarragaren kontra ariko dira.

Benjamin, alebin eta infantil mailakoak

Kategoria ttikienetako finalerdi gehienak igandean, otsailaren 15ean jokatu ziren. Benjamin mailan, Azpeitiako Ilunpeko Alberdi eta Balerdik 18 eta 10 irabazi zieten Errekako Mikel Lana eta Julen Indari eta Goizuetako Umore Onako Apezetxea eta Salaberriak 18 eta 5 irabazi zieten Oiartzungo Oiarpeko Leonet eta Ugalderi. Beraz, finalean, Gipuzkoa eta Nafarroako kategoria honetako bi bikote hoberexkoenak izanen dira aurrez aurre: Alberdi eta Balerdi azpeitiarra, eta Apezetxea eta Salaberria goizuetarrak. Alebin mailan, Beti Onak elkarteko Ayesa eta Iruritak 18 eta 9 irabazi zieten Lizarrako San Miguel elkarteko Zalduendo eta Anduagari eta Zugarraldeko Pedroarena eta Eskirozek 18 eta 14 irabazi zieten Andoaingo Arrue eta Gaztañagari. Beraz, Atarrabia eta Burlatako bikoteak izanen dira aurrez aurre martxoaren 7ko finalean. Infantil mailan jokatu zen finalerdirik estuena, Zugarraldeko Larunbe eta Alduntzinek 18 eta 17 irabazi baitzieten Oiarpeko Ugalde eta Zapiraini. Bertze finalerdian, Leitzako Aurrerako Anartz Olanok eta Jon Iparragirrek 18 eta 11 irabazi zieten Irurtzungo Bi-Aizpeko Lizarraga eta Tollar-i. Finalean, Zugarraldeko eta Aurrerako bikoteak izanen dira aurrez aurre.

Kadete eta jubenil mailakoak aurretik erabakiak zeuden

Kadete mailan, hilabete hasieran jokatu ziren finalerdiak eta finaleko protagonistak Etxarri Aranazko Gure Pilotako Ijurra eta Lasa eta Andoaingo Ariztimuño eta Ulanga izanen dira. Jubenil mailan ere erabakia zegoen final nagusia. Kategoria honetan bi multzotan banatu dituzte pilotariak. A multzoan Manterola eta Arzelus nagusitu ziren eta B multzoan, Hernaniko Arrieta eta Azpitarte. Bi bikote hauek izanen dira aurrez aurre martxoaren 7ko finalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun