Uholdeek sortutako kalteei erantzuterakoan zorroztasunik handiena eskatu dio Etxalarko EAk Udalari

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 19a, 11:20

Azken uholdeetan Etxalarren izandako kalteak ikusirik, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak jasotzeko beharrezko neurriak ahalik eta zorroztasun handienarekin hartzea eskatu dio Eusko Alkartasunak Etxalarko Udalari, kalte horiek estaltzeko helburuarekin. Etxalarko EAk dioenez, “kalteen %100 Nafarroako Gobernutik kobratu ahal izateko beharrezkoa da kalte horiek ongi kokumentatuak egotea, eta hori ez zen aitzineko aldian gertatu”. EAren arabera, “alkatearen kudeaketa kaxkarraren ondorioz, laguntzak bere osotasunean hartzeko arazoak eta atzerapenak izan dira”. Egoera moldatzeko, EAko Nafarroako presidentea eta NABAIko parlamentaria den Maiorga Ramirezek parlamentuan egindako lana ere azpimarratu dute.

«Alkateak kalteak neurtzera etortzen diren erakundeekin egon beharko luke»

EAtik aipatu dutenez, “alkateak dedikazio osoa duenez, kalteak neurtzeko edozein erakundek herria bisitatzen duenean bertan egon beharko luke. Hori begibistakoa bada ere, ez zen 2007ko maiatzeko uholdeetan gertatu”. Erreklamazio prozesua azkartzeko, Mendi eta Hirigintza Batzordeek kalteen zerrenda bat lehenbailehen prestatzea ere eskatu du EAk eta Nafarroako Gobernura bidaltzea.

2007an eta orain Herri Taldeak egindako gestioetaz galdegin du EAk

Dagoeneko, NABAIk, Maiorga Ramirezen bitartez, uholdeek sortutako kalteen %100 ordaintzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari eta EAk dioenez, “2007an ere parlamentari berak lortu zuen Etxalarri kalteak bere osotasunean ordaintzea. Orduan eta orain, inork ez daki Herri Taldeak zein gestio egin zituen eta egiten ari den” erranez bukatzen da EAren idatzia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun