Otsailaren 19an, Ortzegun Gizeneko arratsean abiatuko dira Doneztebeko inauteriak. Arratseko 20:00etan trikipoteoa eginen dute eta ordubete beranduago afaria izanen dute Aranzoko elkartean, akordeoiarekin.
Ortziralean, otsailaren 20an, goizeko 9:30ean baserrietan eskea eginen dute gazteek. 14:00etan bazkaria izanen dute Aranzoko elkartean. Arratsaldeko 17:00etan berriz ere baserrietan eskea eginen dute eta 21:00etan kuadrilen afaria.
Larunbatean karrozen desfilea
Larunbatean, otsailaren 21ean, bazkaria eginen dute Doneztebeko gazteek Arocena ostatuan. 16.30ean larrozen desfilea abiatuko da Aparandik eta 22:00etan kuadrilen afaria eginen da. Inauteri guzietan Corcor txaranga ibiliko da giroa alaitzen.
Elizondon lehen aldiz asteburura aitzindu dituzte
Elizondon, berriz, ortziral eta larunbatean ospatuko dituzte inauteriak eta hori da aurtengo egitarauko berrikuntza nagusia. Izan ere, betidanik inauteriak astelehen eta asteartean egin izan baldin badira ere, aurten estreinakoz, ortziral eta larunbatean eginen dira, jendea gehiago mugituko delakoan. Honela, ortziral goizeko 10:00etan mozorroak elkartuko dira gaztetxe parean, gero puska-biltzera gateko. 14:30ean bazkaria eginen dute. 17:00etan haurren desfilea abiatuko da eta 19:00etan txokolate-jatea eta mozorro elkartzea eginen da, bandak lagundurik. Ondotik, mozorroen ibilaldia abiatuko da musikarekin. 22:00etan Jantzilo erreko da plazan eta dantzak eta gaueko luntxa izanen dira.
Larunbatean herri bazkaria Antxitonean
Otsailaren 21ean, larunbatean, goizeko 11:00etan elkartuko dira mozorroak eta zopa eta ziztor jatea izanen dute ikastolako parkean. Ondotik, txaranga-poteoa eginen dute herrian barna Muniarteraino. 14:30ean herri bazkaria izanen da Antxitonean. Txartelak ohiko tokietan salgai izanen dira. 18:00etan mozorroen desfilea eginen da txarangak lagundurik.