Iberbandak eskaintzen duen zerbitzu eskasa salatu du bertze behin EAk

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 18a, 10:04

Azken bi hilabetetan, ia egunero 2-4 ordu arteko mozketak izan dira

Mendialdeko Eusko Alkartasunak bertze behingoz Iberbanda enpresak inguru honetan eskaintzen duen zerbitzu eskasa salatu du, “etengabeko mozketek ez baitute bakarrik Interneteko sarbidean eragiten, baita telefonoan ere, zerbitzu hori ere eskaintzen baitu enpresa honek”. EAk salatu duenez, Nafarroako landa eremuetan ohikoak dira Interneteko banda zabalera sarbidea izateko arazoak, baina arazo horiek azken bi hilabetetan larritu dira, “ia egunero 2 eta 4 ordu arteko mozketak izan baitura eta horrek, zenbait herritan telefonorik gabe gelditzen direla erran nahi du, larrialdietan hil ala bizikoa izan daitekeen zerbitzurik gabe, alegia”.

Baldintza eta kalitate egokiko zerbitzua

Horregatik, Iberbandari eta Nafarroako Gobernuari, “XXI. mendeko gizarte moderno bati ez dagokion kaos egoera honi premiazko irtenbidea” ematea eskatu du EAk, bertzelakoan neurriak hartuko baitituzte. EAren arabera, edozein neurri hartzeak ez du balio, baldintza eta kalitate egokiko zerbitzua behar baita, Nafarroa osoan gutxienez MB bateko abiaduran konektatzea ahalbidetzen duena, “nafar guziek baitute horretarako eskubidea, bizi diren tokian bizi direla”. Inguru jakin batean teknologia berriak ezartzea eta mantentzea zailagoa baldin bada, EAren ustez “esfortzu handiagoa egin beharko da, baina inoiz ere ez herri, eskualde edo bailara hori bazterrean utzi, erakundeen eta politikoen utzikeriagatik”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!