Ortzegun Gizeneko ospakizunekin hasiera emanen zaie Inauteri egun ofizialei. Baztanen oraindik segida handia du Orakunde Egunak edo Egun ttun-ttunak. Oilar Dantza egiten dute orainik hainbat herritan eta haurrak dira protagonista. Amaiurren asteartean ospatu zuten Egun ttun-ttuna, asteazkenean Erratzun eta Lekarozen eginen dute, baina Ortzegun Gizen egunean eginen da Baztango herri gehienetan. Goizeko mezen ondotik, jokuak izaten dituzte eta bazkal ondoan egin ohi da Oilar Dantza. Haurrek, begiak estalita dituztela, oilarra topatu beharko dute bere makilarekin. Aurkitzen duen lehenbizikoak beretzat gelditzen du oilarra eta Erratzun, bikotea ere aukeratzen ahal du eta igandean gonbidatu gisara joanen da bere etxera.
Urtzaingizen Etxalarren
Etxalarren ere ttikienak izanen dira inauteriak hasten lehenbizikoak. Ortzegun honetan, otsailak 19, ospatuko dute Ortzegun Gizena, aspaldiko ohiturari segituz, etxez etxe eskean. “Urtzaingizen, urtzaingizen, zingar-arrultze, bat ezpada bertze, biyek hobe” kantatuz, urtatxak bilduko dituzte goiz osoan, kuadrilla ttikitan banatuta. Arratsaldean, herrian kalejiran ibiliko dira, auzoz auzo antzerkiak eskainiz. Azken urteotan Berako Raul Gartziarekin ikasi dituzte antzerkiak eskolan.
Arraultze Arraultze Lesakan
Lesakan ere “Arraultze Arraultze, zingar arraultze, bat ez bada bertze” eskatuz ibiliko dira ortzegun goizean haurrak koadrila ttikietan banatuak, herriko karriketan eta baserri auzoetan. Goizean bildutakoekin aunitzek berendua egiten dute arratsaldean berean.
Ttikienen Inude eta Artzaiak Beran
Beran, Ortzegun Gizen arratsaldeko 15:45ean haur eta gaztetxoen inudeak eta artzaiak aterako dira Suhiltzaileen parketik Kultur Etxera. Euria eginen balu ekitaldia 16:00etan eginen litzateke Eztegara pilotalekuan. Segidan, 16:30ean, haurrentzako dantzaldia izanen da Kultur Etxean, Xurdin taldearekin.
Puxka biltzea eta antzerkia Igantzin
Igantzin ere eskean ibiliko dira haurrak herrian barna eta antzerki emanaldiak ere izanen dituzte.