Agenda 21eko azken urratsa emanda, Accion 21eko lehenbizikoari ekinen diote Malerrekan

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 18a

Hurrengo bortz urteetan gauzatzeko Ekintza Plana aurkeztu zuten joan den astean

Lehen faseko azken pausoa eman du Malerrekako Agenda 21ek eta orain Acción 21 izenekoari ekin beharko diote Herriko Etxeek eta Mankomunitateak, Cederna-Garalur erakundearen laguntzarekin. 2007an ekin zion Terra-Prometeako lantaldeak Agenda 21 egitasmoa osatzen duten bi faseetan lehenari: diagnosiari. Diagnosia osatuta, Malerrekaren etorkizunerako garrantzitsuak diren proiektuei forma ematen aritu ziren gero. Orain, bada, garrantzitsuak izan daitezkeen proiektuen zerrenda prestatu dute Terra-Prometeako teknikariek, Iciar Montejo, Zorione Aierbe, Gurutze Santos eta Esti Lopezek. Hiru estrategia, hamar programa eta datozen lauzpabortz urteetan gauzatzeko 57 ekintza zehaztu dituzte eta horien berri ematen zuen Eskualdeko Jasangarritasunerako Ekintza Plana aurkeztu zuten joan den astean.

Malerrekako antolamendua hobetzeko neurriak

Malerrekaren antolamendua hobetzeko neurriak hartzea da zerrenda horretako neurri bat, mankomunitate bezala bizkortzea, alegia. Kultura sustatzea ere garrantzitsua ikusten dute: kultur teknikaria kontratatu, kultur ekitaldiak elkarlanean antolatu, euskararen erabilera indartzeko neurriak hartu...; horrekin batera, parte-hartzea eta elkarlana sustatzearen aldekoak dira, auzolana, web orri bateratua eta gisako ekimenen bidez.

Hirigintza

Hirigintza alorra planifikatu, etxebizitzen arazoari aterabidea eman eta industria garatzea heldu diren hirurteetako helburuen artean daude. Hezkuntza eta heziketa alorrean ere hainbat gabezia somatu dira eta hainbat proposamen daude: haurtzaindegia edo haur eskola egin; hezkuntzako eraikinak hobetu; gazteek ikas dezaten motibazioa indartu; etorkinen integrazioaren alde lan egin…

Errepideak eta ingurumena

Bigarren mailako errepideen egoera ere hobetu nahi da, eta horrez gain, Mugikortasun Plana ere egin nahi da trafikoa arautzeko. Ingurumena zaintzearen aldeko proposamenak ere ageri dira ekintzen zerrendan, kaltegarriak diren inpaktuak kontrolatuz eta biodibertsitatea zainduz.

Osasun eta gizarte zerbitzuak

Osasun eta gizarte zerbitzuak hobetzeko neurriak hartzea ere lehentasunen artean daude. Horren harira, Gizarte Ongizatearen kontseilua martxan paratzea planteatu da. Hondakinak hobeki kudeatzea eta etxeko konpostajea indartzea ere garrantzitsuak dira, baita saneamendua eta ura kontrolatzea ere. Turismoa eta eskualdeko merkataritza eta ostalaritza ere bizkortu nahi dira, bertze zenbait ekintzen artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun