Nafarroan itzalaldi analogikoa edo Lurreko Telebista Digitalaren (TDT) ezarpena 2009 urtean eginen da eta ez 2010eko apirilean, hasieran aurreikusia zegoen bezala. Honelaxe hitzartu dute Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Industria Ministerioak. Gehiago zehaztu dute eta Erribera aldeko 42 herritan 2009ko ekainean ezarriko dute Lurreko Telebista Digitala eta Nafarroako gainerako herri guzietan abenduan. 2008an Nafarroan herritarren %95ak zeukan TDTa jartzeko moduko estaldura eta 2009an, gainerako %5 horretan ere ikusteko aukera izan dezaten lan teknikoak egiten ari dira, 5 milioi eurotik goitiko aurrekontuarekin.
Leitzaldean itzalaldi partziala
Halere, Nafarroako lau herritan, Arano, Areso, Goizueta eta Leitzan zehazki, itzalaldi analogikoa partziala izanen da. Leitzaldeko herri hauetan seinalea Gipuzkoatik hartzen da, Jaizkibeletik eta horregatik, telebista pribatuak modu analogikoan hartzen segituko dute. Kasu berean daude bertze zenbait herrietan ere, antenak udalak paratutakoak baitira eta ez Nafarroako Gobernuak. Euskal Telebista eta tokiko bertze telebistak digitalean sintonizatzeko aukera izanen den oraindik ez dute argitu Nafarroako Gobernutik.