Mendialdeko eta Iruñerriko uholdeen kalteen %100 Gobernuak ordaintzeko lege proposamena aurkeztu du NABAIk

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 16a

Gertaera N-121A errepideko lanen atzerapena justifikatzeko ez erabiltzea ere eskatu du

Nafarroa Bai talde parlamentarioak lege proposamena aurkeztu zuen ortziralean Nafarroako Parlamentuan, Mendialdean eta Iruñerrian joan den astean uholdeek sortutako kalteak osotasunean Nafarroako Gobernuak ordain ditzan. Maiorga Ramirez bozeramaleak, Bidasoak eta bertze hainbat errekek Bortzirietan sortutako kalteak eta Malerreka, Baztan eta Bertizaranan izandako kalteak azpimarratu zituen. Egoera honen aitzinean, Nafarroako Gobernuak neurria eman behar duela dio NABAIk eta 2007ko uholdeetan bezala, %100eko kalteordaina eskatu du.

Kalteak neurtzen

Nafarroa Bai taldeko bozeramaleak dioenez, eskari honen aitzinetik mendialdean kaltetutako herrietako alkate eta udal ordezkariekin bildu dira. Oraindik kalteak moldatzen ari dira herri hauetan, batez ere pistetan (Igantzi eta Lesaka artekoak edo Etxalarko batzuk xehetuak daude). Berako denda, komertzio eta sotoetan ere ura sartu zen, baita Alkaiagako bi enpresetan, Doneztebeko Intzakardi parkean edo Sunbillako frontoian eta plazan, bertzeen artean.

N-121Ako lanen atzerapena justifikatzeko

Nafarroako Gobernuak uholde hauek N-121A errepideko lanek duten atzerapena justifikatzeko erabiliko dituenaren beldur da NABAI eta batez ere Nafarroan duten atzerapen hori gertaera honekin zerikusirik ez duela azpimarratu nahi izan du, “azpiegitura garrantzitsu honetan UPNk erakutsi duen zekenkeriarekin baizik”. Lanean ari zirela, enpresa aldatu behar izan zutela ere gogorarazi zuen Ramirezek. NABAIren ustez, “UPNko agintarien eskutik mendialdeko bizilagunek jasan duten bazterketa eta lanak egiteko borondate eza izan da lan hauen atzerapena eta ez, kontseilariak egindako bisitan ikustera eman zuenez, joan den asteko uholdeak”. Beraz, bai uholdeen baita N-121Ako lanen inguruan Nafarroako Gobernuak arduraz joka dezala eskatu du NABAIk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun