680 kiloko Euskadiko sokatira txapelketa ere Abadiñok irabazi zuen

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 16a

Amaiur hirugarren izan zen Oiartzungo larunbateko saioan

Abadiño A taldeak irabazi zuen Euskadiko sokatira txapelketan gizonezkoen 680 kiloko txapela, larunbatean, otsailaren 14an, Oiartzunen. Talde bizkaitarrak saioko txanda eta tiraldi guztiak irabazi zituen, eta nagusitasun handiz gainera. Ondorioz, aurtengo bigarren txapela bereganatu zuen, 640 kilokoaren ondotik. Emakumezkoen 500 kilokoan, berriz, Badaiotzek lortu zituen bigarren jardunaldiko hiru puntuak, neurriz kanpoko estuasunik izan gabe.
Oiartzungo Elorsoro kiroldegian jokatu zen goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako hirugarren saioa. Gizonezkoen 680 kiloko txapelketa jokatu da alde batetik eta emakumezkoen 500 kiloko bigarren jadunaldia bertzetik. Gizonezkoen 680 kiloko txapelketa saio bakarrean erabaki zen, eta Abadiño Ak eutsi egin zion txapelari, iaz ere berak irabazi baitzuen. Sei talde lehiatu ziren: Abadiño A, Auzolan, Amaiur, Lagunak Urruña, Uztaritze eta Abadiño B.
Jokatutako bortz txandak eta hamar tiraldiak irabazi zituen Abadiño A taldeak. Txapelketako pisurik handienean aurrea hartu zion Astigarragako Auzolanek Amaiurri, eta ongi baliatu zuten gipuzkoarrek tiralari pisutsuagoak zituztela. Lehia handiagoa izan zen laugarren postuaz jabetzeko. Izan ere, jardunaldiko ligaska akaututa, berdindu egin zuten Abadiño B-k, Lagunak Urruñak eta Uztaritzek. Kitarakoa jokatu zuten ligaxka akaututa, eta horretan Urruñako taldea gailendu zaie Uztaritze eta Abadiño B-ri.

Gizonezkoen 680 kiloko sailkapena:

1. Abadiño A (Bizkaia): 6 puntu
2. Auzolan (Astigarraga, Gipuzkoa): 5 puntu
3. Amaiur (Nafarroa): 4 puntu
4. Lagunak Urruña (Urruña, Lapurdi): 2 puntu
5. Uztaritze (Lapurdi): 2 puntu
6. Abadiño B (Bizkaia): 2 puntu

Emakumezkoetan Beti Gazte bigarren

Emakumezkoen 500kilokoan, hiru talde lehiatu ziren: Badaiotz, Beti Gazte eta Girizia. Bigarren jardunaldia jokatu zuten bi itzulitara. Bi itzulietan gailendu zen Badaiotz taldea, teknika egokiz, eta indartsu tiratuta. Gasteiztarrek mendean hartu zituzten Beti Gazte eta Girizia, lau txandak eta jokatutako zortzi tiraldiak eramanda. Bigarren postua eskuratzeko lehia handiagoa izan zuten Beti Gaztek eta Giriziak. Edonola ere, Beti Gazte nagusitu zen, lehen jardunaldian bezala. Hortaz, erabakita gelditu da sailkapena emakumezkoen 500 kiloko txapelketa horretan, jardunaldi bat jokatzeko gelditzen den arren, Badaiotzek bi puntuko aldea kentzen baitio Beti Gazteri sailkapen orokorrean.

Emakumeen sailkapenak

Emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldiko sailkapena:
1. Badaiotz (Gasteiz, Araba): 12 tanto, 3 puntu
2. Beti Gazte (Lesaka, Nafarroa): 6 tanto, 2 puntu
3. Girizia (Oiartzun, Gipuzkoa): 0 tanto , puntu 1

Sailkapen orokorra, bi jadunaldi jokatuta:
1. Badaiotz (Gasteiz, Araba): 6 puntu
2. Beti Gazte (Lesaka, Nafarroa): 4 puntu
3. Girizia (Oiartzun, Gipuzkoa): 2 puntu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun