Irache Kontsumitzaileen Elkarteak eskualdean kudeatzen dituen kontsumitzaileendako informazio bulegoetan, 457 erreklamazioa aurkeztu ziren 2008an. Horietatik 149 Lesakako bulegoan jaso ziren, 147 Baztangoan, 127 Leitzakoan eta 34 Bertizaranakoan.
Mikel Bezunartea Iracheko teknikaria, normalean bi astetik behin etortzen da udal bulego bakoitzera eta erreklamazioak eta kontsultak bideratzen, komunikabideetan kolaborazioak egiten, kontsumoari buruzko doaneko argibideak ematen eta ikastaroak eta hitzaldiak prestatzen ematen du denbora. Kontsumoarekin zerikusia duten aferetan laguntza juridikoa ere ematen du eta bitartekari lana ere egiten du, epaitegira joan gabe aferak konpondu nahian. Hori posible ez denean, kontsumo sailan nola administrazioko gainerako sailetan salaketak aurkezten ditu eta epaitegira joan behar izanez gero, laguntza ematen du. 2008an, erraterako, bortz salaketa jarri ziren eskualdean kontsumitzailearen informaziorako bulegoen bitartez, Bortzirietan eta Leitzan bina eta bakarra Baztanen.
Oinarrizko zerbitzuekin kexu
Oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten enpresek –telefonoa, telebista, Internet, gasa eta argindarra saltzen dutenak– eragin dituzte erreklamazio eta kontsulta gehien, 151 denetara.
Etxebizitzen inguruko kezkak
Etxebizitzak ere kezka iturri dira kontsumitzaileentzat, 107 erreklamazio aurkeztu baitziren 2008an. Etxebizitza berri nahiz zaharraren erosketaren gaineko laguntza juridikoa ematen da bulegoan. Honela, kontratuak begiratzen dira eta arazoak izanez gero, bitartekari lana egiten da. Alokairuei buruzko zalantzak ere argitzen zaizkie maisterrei nahiz jabeei.
Aseguru, banku eta aurrezki kutxen gaineko 69 erreklamazio eta kontsulta egin ziren iaz eskualdean; merkataritzari buruzko 39; etxez etxeko zerbitzu, tailer eta zerbitzu profesionalei buruzko 30; bidaia edo garraioaren inguruko 15; administrazioak eragindako 13; eta kontsumoko bertze gaiek 33 kontsulta eragin zituzten eskualdean.