100 pilotari Bortzirietako Eskuz Banakako Txapelketan

TTIPI TTAPA 2009ko otsailaren 13a

Ibeltzaren 31ko finaletan jokatu zuten pilotariak. TTIPI TTAPA

Bortz kategoriatan banatuak 11 partida jokatu ziren ilbeltzaren 31n

Ilbeltzaren 31n jokatu ziren Lesakako frontoian Bortzirietako Eskuz Banakako VIII. Txapelketako finalak. Bortz kategoriatan banatuak, denetara hamaika partida jokatu ziren: aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak, infantilak eta kadete mailako finalak. Partidak bukatu ondotik, trofeo eta txapelen banaketa egin zen txapeldun eta azpitxapeldun izan zirenen artean. Halere, txapelketan parte hartu duten pilotari guziek oroigarri bana jaso zuten. Txapelketa joan den urteko abenduaren 13an hasi zen eta 100 pilotarik parte hartu dute. Ttikienen mailan, aurrebenjamin kategorian, Berako Gure Txokoako Xiker Lizardik 18 eta 3 irabazi zion Igantziko Biltokiko Beñat Iantziri. Benjaminak hiru mailatan aritu ziren. Benjamin C mailan, Lesakako Arkupeko Mikel Galardik 18 eta 9 irabazi zion Josu Elizondo taldekideari; Benjamin B mailan Arkupeko Aimar Otxotekok 18 eta 9 irabazi zion Gure Txokoako Oier Larretxeari; Benjamin A mailan Biltokiko Enaitz Telletxea 18 eta 4 gailendu zitzaion Gure Txokoako Mikel Eltzaurdiari.

Alebinak ere hiru mailatan banatuak aritu ziren. Alebin C mailan, Arkupeko Iñigo Arretxeak 18 eta 5eko markagailuarekin garaitu zuen Etxalarko Altxatako Jon Iparragirre; Alebin B mailan, Altxatako Goiatz Jauregik 18 eta 12 irabazi zion Arkupeko Jon Ubiriari; Alebin A mailan, Baztango Txarutako Enaitz Anso 18 eta 6 nagusitu zitzaion Iñaki Anso taldekide eta anaiari.

Infantilek ere hiru mailatan jokatu zuten. Infantil C mailan, Gure Txokoako Iñigo Martinezek 18 eta 8 irabazi zion Andoni Lazkanotegi taldekideari; B mailan, berriz, Biltokiko Unai Telletxeak 18 eta 5 irabazi zion Gure Txokoako Beñat Mitxelenari; infantil A mailan, azkenik, Arkupeko Unai Zamorano 18 eta 12 nagusitu zitzaion Txarutako Arkaitz Untxalori.

Eguneko azken partida kadete mailan jokatu zuten eta Baztan aldera joan zen txapela. Txarutako Iban Indak 18 eta 10 irabazi zion Biltokiko Adur Iantziri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun