Treinbide berri batek zeharkatuko du, beraz, Lapurdi. Horren berri eman die berriki Paueko prefetak Lapurdiko hautetsiei. Orain arte, uste zen linea berririk ez zela eraikiko, bertzeak bertze, dirutzarik ez delakoz. Dena den, itxura guzien arabera, azpiegitura eraikiko da Europako laguntzei esker. Euskal hautetsiak, hauen artean Christine Bessonart auzapeza, kexu agertu dira beren bizkar eta solasik gabe egin delakoan proiektua. 500 metrako pasabidea erabaki beharko da orain Lapurdi iparretik Hendaiarat Gipuzkoako tren lasterrarekin lotzeko gisan.
Hegoaldeko lanak hasi dira eta ondoko urteetan abiada haundiko treina ibiliko da lau euskal hiriburuen artean. Treinbide berria Senpereko lurretan ere pasako da, Zirikolatz oihanean eta 307 bide departamentaletik, baina Bessonartek dio gure herrian uste baino eremu ttikiagoa janen duela proiektuak. Treinbidea mendebalderago egiten bada, Donibane Lohizune eta Azkaineko eremuak hartuko ditu gehiago Senperekoak baino, baina hori ez da berri ona, halere, senpertarrentzat, Bessonarten erranetan.
Gaia hurbiletik segitzeko, lan talde zabala sortuko du auzapezak Herriko Etxeko 27 kontseilariekin, oposiziokoak barne, beraz. Ez da oraino argi non eginen den trein geltoki berria.