Irache Kontsumitzaile Elkarteak “Revolving” txartelen erabilera okerraz ohartarazi eta Nafarroako familia aunitzen zorpetzea eragiten ari dela azpimarratu du. Txartel hauek 30.000 euro bitarteko kreditua ematen dute, %20 inguruko urteko interesekin. Hasiera batean, ez ohiko erosketa bakanak egiteko pentsatuak daude, hilabeteko kuota erosoen bitartez itzultzeko. Baina kontsumitzaile batzuk eguneroko gastuak ordaintzeko erabiltzen hasi dira eta horrek zorpetzeko arriskua sortzen du.
%20eko interesa edo gehiago
“Revolving” txartelak banku eta aurrezki kutxa gehienek eskaintzen dituzte, kontsumitzaileek ustegabeko gastu jakin bati aurre egin ahal izateko. Kreditu zabala eskaintzen dute, 6.000 edo baita 30.000 eurora ere irits daitekeena. Ohikoa denez, kontsumitzaileak hilabeteroko kuoten bitartez itzuli behar du diru hori bere interesekin, baina batzuetan interes horiek %20 TAE gainditzen dute. Baina produktu finantziero hauen arazo bakarra ez da interes altua. Arriskurik nagusiena, behin diru guzia itzulita, berriz ere gastu berriei aurre egiteko kreditua handitzea da. Izan ere, mailegua hilabeteko kuoten bidez (interesa eta amortizazioa ordainduz) itzultzen dugun neurrian, berriz ere itzulitako diru hori eskura izanen dauka “Revolving” txartelaren jabeak gastatzeko. Gisa honetara, kontsumismoa bultzatzen da, berriz ere gastatzeko kreditua baitu kontsumitzaileak. Honela, txartela kontratatzerakoan aurreikusitako amortizazio epea bukatutakoan, oraindik diru kopuru handia itzultzeko eta hilabeteko kuota aunitz ordaintzeko gelditzen zaizkiola ohartzen da kontsumitzailea.
Txartela eskuratzeko erraztasunak
Bankuek abantaila handiak eskaintzen dituzte txartel hauek kontratatzen dituzten bezeroentzat. Gehienak doan ematen dira, mantenimendu komisiorik ez dute batzuk eta erosketak edo kontu pertsonalera traspasoak egiteagatik hobariak eskaintzen dituzte. Bertze kredituetan bezala, aurrez amortizatu daitezke. Gainera, kreditu pertsonaletan baino tramite edo izapide errazagoak eta azkarragoak dira. Halere, gero eta baldintza zorrotzagoak eskatzen hasiak dira, gero eta gehiago baitira txartela eskatu eta dirua itzultzeko arazoak dituzten bezeroak. Zenbait merkataritza zentroetan ere honelako txartelak eskaintzen dituzte, bere produktuetako battzuk erosi ahal izateko.
Kontratuen baldintzak ongi begiratu
Irache kontsumitzaile elkartetik txartel hauek kontratatzearen beharra ongi neurtzea aholkatu die kontsumitzaileei. Izan ere, epe erosoetan ordaintzen den arren, kontuan hartu behar da interesek eragiten duten gastu handia. Beraz, kontratuaren baldintzak ongi aztertu behar dira eta bereziki urteko interesa. Azkenik, txartela zer erosteko eskuratu zen kontuan hartu behar da eta ez erabili bertze ordainketak egiteko, kuota, interes eta zorpetze gehiago ekarriko baititu.